Asier Etxeandiak miraria Arrasaten: antzoki osoa dantzan

Txomin Madina Milikua 2014ko mar. 29a, 23:04
Asier Etxeandiak Arrasateko emanaldiaren une baten.
Antzerkia, dantza, kantua, 'show' -a... Horiek guztiak uztartzen dituen 'El intérprete' ikuskizunarekin Amaia antzokia goraino bete duen publikoa poltsikoratu du aktore bilbotarrak.

Amaia antzokia goraino betetzea (ia 800 eserleku) ez dago askoren esku; ezta bi ordutan, ia atsedenik hartu gabe kantuan, dantzan eta kontu kontari aritzea ere. Baina horri guztiari ikusle gehienak (denak ez esatearren) dantzan jartzea gehitzen badiogu, erronka ezinezkoa dela esango luke batek baino gehiagok. Gezurra. Posible da, Asier Etxeandiak gaur iluntzean egin duelako.

Ez da erraza 'El intérprete' zer den azaltzea. Kontzertua? Bai, Etxeandiak abestu egiten du. Antzerkia? Bai, Etxeandiak antzeztu egiten du. Monologo bat? Bai, horrelakorik ere egiten du bilbotarrak. Baina ikuskizuna harago doa: festa eta hausnarketa da, barrea eta negarra, intentsitatea eta bizipoza.

Lagun ikusezinak

Obra hastean, Asier Etxeandiaren duela zehazki 30 urteko logelan sartzen da publikoa. Bakarrik abesten zuen logela horretan. Eta bederatzi urte dituen Asierren lagun ikusezinak bihurtzen dira ikusleak. Haren beldurrak jakingo dituzte, gabeziak, pentsamenduak, desirak. Antzeztuak, kantatuak.

"Bakarrik abesten dut bakarrik ez egoteko" dio obran zehar interpreteak. Eta abesten du, bai; nola gainera! Lou Reed, Tom Jones, Janis Joplin, Camilo Sesto, Madonna, La Lupe, David Bowie... Horien guztien kantuekin ausartzen da Etxeandia. Ausartu bakarrik ez, baita bere egin eta entzuleak aho zabalik utzi ere. Eta dantzan jarri. Bera bezala, lotsa barik. Badakielako nola bereganatu ikusleak, eta era berean nola sentiarazi apur bat libreago.

Ez da ohikoa emanaldi bat amaitu eta argiak piztu ostean, aktorea eta musikariak euren kamerinora joan arren, ikusle ugarik oraindik ere dantza eta kantuan jarraitzea. Hori ez da lortzen publikoari tekila tragoxka bat emanda (bai, horrelakorik ere gertatu da); hori, miraria da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak