Azaroan egitekoak ziren auzolana eraman dute aurrera gaurkoan Kurtzetxikin. "Alerta laranjak behartuta atzeratu behar izan zen orduan, eta gaurkoan primeran joan da guztia, eta uste genuena baino lan gehiago egiteko aukera izan dugu". Hala eman du aditzera Bagarako kide Onintze Guridik.
Hiru lantalde
"Batetik, zuhaitzak babestu ditugu egurrezko egiturak eta hesi metalikoak baliatuta ganaduak-eta zuhaitzak jan ez ditzan. Bestetik, umeekin artelan bat egin duen taldea osatu da. Naturako elementuak baliatu dira horretarako eta pintura biodegradagarria erabilita eskuen markak egin dituzte egurrean eta tximeleta erraldoi bat sortu da horrela. Kurtzetxikin geratu da obra".
Hirugarrenik, Naturtzaindia taldekoek Kurtzetxikin aurretik eginda zeuden itxitura batzuk moldatu dituztela gaineratu du Guridik: "Ganaduak ihes ez egiteko sortuta daude, baina konturatu dira oso itxiak zirela eta naturako beste animaliek –azkonarrek, azeriek eta beste– ez zutela igarobide naturalik. Hala, itxituretan zulotxoak eta egin dituzte irtenbidea bilatzeko".
Hiru ordu inguruko lana egin dute gaurkoan auzolanera bertaratu diren 40 lagunek. Aurrera begira beste auzolan batzuk antolatzeko asmorik ote duten galdetuta, beharra dagoela ikusiz gero horretarako ateak irekita daudela diote Bagaratik. "Argi geratu da herritarrekin batera gauza ugari egin ahal direla, izan ere, primeran erantzun dio jendeak auzolan deialdiari, eta gustura geratu gara emaitzaz".
(Argazkiak: Bagara)