'8 apellidos vascos' filmaren arrakasta ikusita beste bi emanaldi eskainiko dituzte Arrasaten

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2014ko mar. 24a, 16:38

Izan duen arrakasta ikusirik, Arrasateko Udaleko kultura sailean erabaki dute '8 apellidos vascos' filmaren beste bi emanaldi eskaintzea: martxoaren 30ean, domeka, 19:30ean eta martxoaren 31n, astelehena, 20:30ean. Oraingo asteburuan, 3.500 pertsona inguru hurbildu dira Amaia antzokira filma ikustera.

Arrasateko Kultura sailaren aurreikuspen guztiak gainditu ditu film horrek. "Arrakasta izango zuela bai, baina ez zen espero horrenbesterainokoa izatea" adierazi dute Arrasateko Udaletik. 

Horrelakorik sekula ezagutu ez dutela zioten Amaia antzokiko langileek. Ikusleek birritan egin behar izan zuten burruka filma ikusteko, lehiatilan sarrerak eskuratzeko lehenengo, eta zenbatu bariko txartelak zirenez, antzokirako atean gero, jarleku onaren bila joateko orduan.

Zapatuko 19:30eko saioaren irteeran, pozik zegoen orokorrean, jendea. Barre asko egin zutela kontatu zuten eta inor mintzen ez duen topikoetan oinarritutako filma dibertigarria dela. Filmean parte hartzen duen jendea eta azaltzen diren kokalekuak ezagutzeak ilusioa egiten duela ere zioten.

Gomendatzeko moduko filma, beraz, asteburuan Amaia antzokian ikusteko aukera izan zutenen iritziak oinarri hartuta. Izan ziren baina, sarrera barik atean geratu zirenak ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak