'8 apellidos vascos' filmak eromena eragin du Amaia Antzokian

Goiatz Arana Begiristain 2014ko mar. 22a, 21:35

Arrasateko Kultura sailaren aurreikuspenak bete egin dira: '8 apellidos vascos' filmak ikusmin handia piztu du herrian eta, Amaia Antzokira heldu den egunean, ez da erraza izan sarrera eskuratzea. Salbuespen moduan, 17:00etan ireki dute leihatila, eta ordu eta erdian agortu dira gaurko bi saioetarako sarrera guztiak. "Ez dugu inoiz horrelakorik ezagutu", kontatu digute antzokiko leihatilan eta sarreran lanean egon diren lagunek.

19:30eko saioaren irteeran, pozik ikusi dugu jendea orokorrean. Barre asko egin dutela kontatu digute eta baita filmean parte hartzen duen jendea eta azaltzen diren kokalekuak ezagutzeak ilusioa egiten duela ere. Nor edo nor entzun dugu, ordea, ez zaiola batere gustatu esaten ere.

Lehen saiokoak moduan, 22:00etarako emanaldirako sarrerak erosi dituztenak ere denborarekin joan dira antzoki atarira, zenbakitu gabeak baitira sarrerak; 21:00ak alderako hasi da jendea bertaratzen.

Eta gaur filma ikusi gabe konformatu beharko duenik ere bazen tartean, leihatilak aurrez irekitzen zituztela jakin ez eta sarrerak erostera betiko ordu inguruan joan ostean. "Komentario onak entzun ditugu eta badugu filma ikusteko gogoa, baina ez da ezer gertatzen; estreinatu berri dute eta izango dugu ikusteko aukera, hemen ez bada beste nonbait", zioen bikote batek.

Hurrengo saioak

Bihar, domeka, 19:30ean botako dute; eta astelehenean, 20:30ean. Leihatilak 17:00etan eta 18:30ean zabalduko dituzte, hurrenez hurren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak