Espainiako txapelketako finala jokatu zenuen. Nola joan zitzaizun Madril aldean?
Nik ez neukan zilarrezko domina eskuratzeko inongo esperantzarik. Oso jende ona zegoen txapelketan eta finalera iristea sorpresa izan zen niretzat egia esan. Kanporaketak irabazten joan nintzenez finalera heltzea lortu nuen, eta aipatu beharra daukat oso borrokaldi ona egin nuela bertan.
Lehenengo rounda oso ondo egin nuen. Bigarrenean, bi kolpe jaso nituen baina oso ondo borrokatu nuen orohar. Arerioak, nik baino fisiko eskasagoa zuen, eta hori nire alde baliatzen saiatu nintzen. Ematen zidan kolpe bakoitzeko, hiru ematen nizkion. Ringetik jaitsi nintzenean irabazi egin nuela uste nuen, esan bezala oso sentsazio onak izan nituelako borrokaldian zehar. Epaileek baina nire aurkariari eman zioten garaipena, eta aitortu behar dizut ez nuela beraien erabakia ondo ulertu.
Txapelketan baina oso ondo borrokatu zenuen, finalera iritsi arte...
Bai, oso borrokaldi onak egin nituen.Ostegunean lehenengo borrokaldia izan nuen, zapatuan bigarrena eta domekan azkena. Egunek aurrera egin ahala gora egin, eta boxeatzeko modua hobetzea lortu nuen.
Zure pisutik behera lehiatu zinen Espainiako txapelketan. Nola lortu zenuen 48 kilotan iristea?
Jaten dudana asko zaintzen dut. Gure entrenatzaileak, Josu Lopategik, oso estu hartzen gaitu eta jaten duguna egunera kontrolatzen digu. Oso zorrotza da gurekin. Pasta, arroza, atuna... Horrelakoak jaten ditut, jateko garbiak diren elikagaiak.
Soraluzen bizi, Arrasaten lan egin eta Bilbon entrenatu. Estresatuta bizi zarela dirudi...
Bai (barre). Kotxean musika entzuten nagoela laneko koreografiak prestatzen ditut. Gero, etxera bueltan lasaitzen saiatzen naiz, deskantsua bera ere entrenamenduaren parte delako.
Nolakoak izan ohi dira zuen entrenamendu saioak?
Entrenatzen borrokaldi gutxi egiten ditugu normalean. Josuk gure akatsak zuzentzen dizkigu eta taldean konponbideak aurkitzen saiatzen gara. Esan baita, entrenamenduen maiztasuna sasoika joaten dela. Orain adibidez, astean birritan entrenatzen gabiltza, Espainiako txapelketa duela aste pare izan zelako.
Borrokaldi baten aurretik baina, astean bost edo sei aldiz entrenatzen dut, baita igandetan ere. Oso gogorra izaten da. Nik gimnasioan egiten dut lan, eta arratsaldean entrenatzera joaten naizen askotan oso nekatuta egoten naiz. Egun horietan, teknika lantzen saiatzen naiz.
Bi urte daramatzazu boxeoan. Nola sartu zinen boxeolari?
Kick-boxingarekin hasi nintzen. Behin Eibarren borrokaldia izan nuen, eta Josu ezagutu nuen bertan. Entrenatzeko proposamena egin zidaten, eta hor hasi nintzen saltsa honetan.
Zure ustetan, ze ezaugarri behar ditu boxeolari on batek?
Gogoak izatea. Zuk zer nahi duzun argi badaukazu, ez dago munduan geldituko zaituen inor. Entrenatzeko gogoak izan behar dituzu, eta gero laguntza egokia izatea ere beharrezkoa da. Boxeoak ospe txarra dauka, baina argi esan behar dut kirol oso polita dela. Neska-mutilak borrakatzen dabiltzanean ez daude taberan, eta hori oso positiboa da. Borrokaldi baterako prestatzen bazabiltza, asko zaindu behar duzu zure burua: ez alkoholik ezta tabakorik ere. Guraso asko oso pozik daude boxeoarekin, beren seme alabei bide onetik joateko aukera ematen dielako.
Nola bizi duzu boxeo gau bat?
Borrokaldia izan behar den lekura bi ordu lehenago iristen gara normalean. Epaileak pisua neurtzen digu, eta gero inguruetatik paseo bat ematen dugu.Haizea hartuta, ordu beteren faltan edo, aldageletan sartzen gara, eta borrokaldirako prestaketa hasten da. Speakerraren ahotsa entzutean urduri jartzen hasten zara, eta horrela jarraitzen duzu borrokaldia hasi arte.
Behin ringaren gainean, lehenengo rounda arerioa aztertzeko erabiltzen dut, eta bigarrenetik aurrera topera lehiatzen naiz, irabaztera. Arerioa akabatzea besterik ez dut izaten buruan! (Barre) Eta hori oso pertsona lasaia naizela, bestela...
Boxeoak dirudiena baino alderdi psikologiko handiagoa dauka...
Zalantza barik. Zer jaten duzun garrantzitsua izaten da gero borrokaldian kontzentrazioa mantentzeko. Madrilen esaterako gaizki janda joan nintzen eta lehenengo borrokaldian asko kostatu zitzaidan martxan jartzea.
Horrelakoetan, zer da entrenatzaileak kornerretik esaten dizuna?
Lasaitzeko eta arnasa sakon hartzeko. Oso urduri jartzen naiz, eta berak lasai borrokatzeko aginduak ematen dizkit. Gero akatsak zuzentzen ere saiatzen da. Nik, gimnasioan lantzen dudan fisikoa erabiltzen dut arerioak menperatzeko, eta teknika alde batera uzten dut askotan. Hori izan daiteke nire puntu ahula.
Ze helburu dituzu datozen hilabeteetarako?
Apirilaren 26an Euskadiko txapelketan hartuko dut parte, eta uztailean berriz Santander aldera joango gara. Horiek izango dira nire hurrengo erronkak, eta guztietan emaitza positiboak jasotzea espero dut gainera.