'Azalerako ipuinak' tailerra Arrasaten, ipuin kontaketa eta masajea elkartzen

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko mar. 24a, 10:26
Kulturateko Udal Bibliotekako Haurtxotekan egin dituzte lehen bi saioak; irudian, bigarren saioko une bat.
Hitzik gabe komunikatzea, 0 eta 3 urte arteko haurra hartzaile nagusi dela. Hori da Arrasateko Kulturateko Udal Bibliotekako Haurtxotekan etzi, hilak 26, amaituko den 'Azalerako ipuinak' ikastaro bereziaren funtsa: "Masajea eta ipuin kontaketa uztartzen ditu tailerrak, ukimena eta ahozkotasuna dantza berean doaz", dio ikastaroa gidatzen ari den Saroa Bikaindi hezitzaile durangarrak.

Horren gazteak izan arren, ipuinek eragina dutela sinesten du Bikaindik: "Tailerretan ikusten da emaitza; azken saioan, adibidez, sei edo zazpi hilabeteko ume bat adi-adi egon da kontaketari. Asko gustatzen zaie. Ipuin laburrak direla, hitz-jokoak, errimak... Horiek haurrendako elikagai moduan hartzen ditut nik".

Hilaren 12an egin zuten lehen tailerra.

Haurrak dira hartzaile nagusiak, baina ez bakarrak. Gurasoendako "oso baliagarria" da ikastaroa: "Materiala eta baliabideak ezagutzeko oso saio egokiak dira. 45 minutu irauten dute eta beraz, haurrek euren beharrak izaten dituzte. Ez dut espero denok adi-adi egotea, inondik inora". Parte hartu duten gurasoak "oso pozik" daudela ere gaineratu du Bikaindik: "Samurra da, oso atsegina. Adin tarte horretako haurren gurasoak oso gogotsu etorri ohi dira eta horrek asko errazten du dena".

Berriro antolatzea baloratzen

Bularretik Mintzora egitasmoaren barruan kokatzen da ikastaroa. Hasiera baten hamar familiarendako talde bakarra osatzea zen asmoa baina 30 familia inguru batu zirenez bi talde osatu dituzte: "Arrakasta ikusita baloratzen ari gara aurrerago berriro antolatzea", adierazi du Asun Agiriano haur bibliotekariak.

Oso iritzi onak gurasoen artean

Gurasoen aldetik oso iritzi onak jaso dituzte: "Oraindik ikastaroa amaitu ez bada ere, gozamena dela esan digute, haurrekin harremana sendotzen dutela eta Saroa, dinamizatzailea, zoragarria dela", gaineratu du Agirianok. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak