"Gizarte eragiletzan emakumeon presentzia murritza izan da"

Mikel Arregi 2014ko mar. 21a, 11:15

Maite Barreña Arrasateko Emakume Txokoan.
Joan den martxoaren 4an, Arrasate Andredetan ekimena aurkeztu zuten Bagarak, Emakume Txokoak eta Arrasateko Udalak. Ekimen horrek Udal Berdintasun Plana osatu nahi du, horretarako esparru askotariko emakumeen parte hartzea sustatuta. Berdintasun teknikari Maite Barreña da prozesu horren arduradunetako bat.

Zer da Andredetan ekimena?
Arrasate Andredetan herriko emakumeen parte hartze soziopolitikoa sustatzeko ekimena da. Proiektua Arrasatek izan duen ibilbidearen ondorioz dator. Herriko berdintasun politikek urte asko dauzkate, eta hauetan sakondu nahi dugu orain. Iazko Jardunaldi Feministen eta azken lau urteetan egin dugun Jabetze Eskolaren bide beretik dator proiektu hau ere.

Zertan eragin nahi duzue?
Bizi garen gizarte honetan emakumeen presentzia murritza izan da historikoki. Alderdi politikoetan, instituzioetan eta baita gizarte mugimenduetan ere emakumeok parte hartzeko zailtasunak izan ditugu denbora luzez. Oztopoek hor diraute, eta guk hauen gainetik joan nahi dugu orain.

Zein da Andredetan prozesurako prestatu duzuen egutegia?
Prozesu parte hartzailea aurreikusi dugu. Duela bi aste agerraldi publikoa egin genuen, eta orain prozesuko lehen fasean sartuko gara. Gizonen zein emakumeen bizipenak jasoko ditugu, tailerren, eztabaiden eta inkesten bidez. Gero, bigarren fase baten, jasotako datuak aztertuko ditugu; eta azkenik, konklusioak Udalari aurkeztuko dizkiogu, hark Udal Berditasun Plana osa dezan. Esan behar da prozesu honetan guztian herritarren parte hartzea bultzatu nahi dugula.

Zein da prozesua betetzeko daukazuen egutegia?
Prozesua udarako amaitu beharko dugu, gero irailean konklusioak Udalari aurkezteko. Aipatu behar da prozesutik irteten den analisia herriko hainbat alderdi, sindikatu zein elkarterekin banatzeko asmoa ere badaukagula.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak