Amaitu da, hilaren 27an ofizialki hartuko duzu erretiroa. Orain zer?
Hasteko, udaletxeko txipa kendu eta gero, nik nahi dudana egin. Bidaiaren bat edo beste egingo dut, baina argi daukat Arrasaten biziko naizela, ez dut nire herritik alde egingo.
Azken lanegunean detaile polita izan zuten lankideek. Udaletxeko irteeran inaugurazioetarako zinta moztu zenuen, besteak beste.
Bai, oso ondo egon zen. Nahiko inprobisatua izan zen; hori izan zen politena. Gero mokadutxo batera gonbidatu nien lankideei. Guztiekin ez, baina gehienekin harreman ona daukat.
Goazen atzera. Nondik dator 'Aizkora' ezizena?
Maala kaleko dendaren izenetik eta gure osabaren tabernatik hartu nuen, baina izenaren jatorria ez dugu ezagutzen. Dendaren atzealdean jaio nintzen; medikua etxera joan zen, baina di-da baten bueltatu behar izan zen nire ostean beste bat zetorrelako: Pedro nire anai bikia. Medikuak ez zekien bi zetozenik. Gero, anaiarekin askotan nahasten ninduten.
Nola sartu zinen udaletxean?
1962an aita hil zitzaigun eta udaletxean sartu aurretik dendan egin nuen lan, amari laguntzen. 1970eko irailaren 30ean hasi nintzen udaletxean, biztanleen erroldak egiteko. Orduan bost urtean behin eguneratzen ziren datuak, etxez etxe joaten ginen.
Urte luzez jendaurrean lanean...
BAZ ireki aurretik 30 urte egin ditut herritarrei begira lanean. Jendaurrean lan egitea ez da erraza, eta hori eramaten jakin egin behar da. Hamar alkate ezagutu ditut, eta guztiekin harreman ona izan dut; inork ez nau kartzelara bidali (barreak). Gainera, zazpi idazkari, bi diruzain eta bi kontu-hartzaile ere ezagutu ditut.
Goazen estatistiketara. 1970ean baino herritar gehiago gara egun?
Antzeko kopurua. 1970ean ofizialki 22.421 ginen eta 2013an, berriz, 22.051. 1985ean izan genituen biztanle gehien: 26.633. Ordutik behera egin dugu, ia 1970eko kopurura bueltatzera arte.
Herrian egongo da zu baino pertsona ezagunagorik?
Bai, Jose Manuel Arriola aguazil ohia. Oso ezaguna zen gure artean, hainbat anekdota daude: mutil bati txiza egin gura zuela ikusi eta nahiz eta ez egin, isuna jartzen zion: "La intencion basta". Jendeak uste du hilda dagoela baina ez, 96 urte ditu.
Nik jende asko ezagutzen dut nire lantokitik jende asko pasa izan zelako. Gazteekin ere tratu handia nuen, soldadutzak eragindako kintoen gaia zela-eta; orain desagertuta dago. Jende nagusiarekin eta gazteekin izan dut harremana. BAZ ireki izanak publikoaren aurrean lan ez egitea ekarri zidan, baina nire lana berdina izan da beti, dokumentuak nik tramitatu izan ditut azkenera arte.