"ETORKIZUNA DENONTZAT
Fagor Etxetresnak desagertzear dela bere zentzu guztietan (produktiboa, administratiboa eta beraz erreferentziala, bere langileen bazkide izaerari dagokionez), horren aurrean BAZKIDEAK Plataformatik ikusten dugu erabateko babesgabezia langileen kolektiboko parte handi batentzat orain eta etorkizunean. Horrek eramaten gaitu egungo egoeraren hausnarketatik exijentzia erako aldarrikapen zehatz batzuk artikulatzera. Aldarrikapen horiek hasieratik oinarrizkoak iruditzen zaizkigu bermatzeko pertsona GUZTIEN etorkizuna. Pertsona hauek euren lan-konpromisoarekin urteetan zehar ekarpena egin diete aberastasunari eta tokiko eraldaketa sozialari. Baina etorkizun hori ukatzen zaigu dagokien organoen konpromiso faltagatik. Horregatik exijitzen ditugu:
1) Pertsona GUZTIEN eskubide/betebehar GUZTIEI eustea. Betebehar guztiekin geratzen ari gara eta aldi berean oinarrizko eskubideak galtzen, ENPLEGUA adibidez. Ez dago inolako kooperatibismorik partaideen kooperazio barik, ezta kooperaziorik konpartitzen ez bada. Ezagutzak eta esperientzia konpartitzea, baina baita enplegua konpartitzea egoerak horrela eskatzen badu. Orain eskatu egiten du, eta beraz enpleguaren banaketa (FEDeko langileetatik hasita, noski, eta eskainitako birkokapenetatik) berebizikoa da gure etorkizuna bermatzeko. Erreferente sozial bat izan behar dugu JUSTIZIA SOZIALAri dagokionez (aberastasunen bidezko banaketa). Ez ditugu ikusten kooperatibismoko egungo zuzendaritzak ideologia hau konpartitzen, ez behintzat praktikari dagokionean. Mugiarazi behar ditugu. Ez dugu onartuko inor baztertua izatea sexu, adin, titulazio falta edota mediku-paperengatik. Ekarpena egin dugu aktibo izanda orain arte, eta eskubidea dugu izaten jarraitzeko. Pertsonak kapitalaren aurrean. Borondate kontua da.
2) Aldaketak araudian. Lagun Aroren araudia idatzita dago egungoa ez den errealitate batean eta errealitate ezberdin batentzako. Muturreko egoerek muturreko neurriak behar dituzte soluzioak bilatzerakoan. Bidezkoa da araudiak pertsonak babesteko izatea, ez pertsonak kaltetzeko. Lagun Aroren aurrean eta berak babesten duen kooperatibismoaren aurrean konprentsibitatea eskatzen dugu kaltetutako kolektibo zabal batekiko, eta elkartasunak araudian lehenetsi dadila (kooperatibismoaren balore erabakigarria), guztion etorkizuna bermatuko duten araudiak artikulatzeko.
3) Kooperatiba-erreferentzia INTEGRAL baten sorrera. Ez litzateke produktiboa izango, baina ez litzateke izan beharko arazo administratiboak kudeatzeko instrumentu huts bat. INTEGRALA izatea eskatzen dugu kolektibo OSOAREN babes soziala/laboralaren zentzuan. Bateratzaile izan dadila, inoiz ez baztertzailea. Kontrol soziala, irisgarritasuna, gardentasuna eta efikazia existitu daitezela. Enpleguaren banaketa hori artikula dezala eta denboran zehar berma dezala langile GUZTIEN Lagun Aroko mutualista izaera. Hau da, inor ez dadila kanpoan geratu. Eskatzen diegu bai korporazioari, baita taldeari ere, lagun dezatela figura berri horren sorreran eta mantenimenduan. Horretan badute erantzukizunik.
4) Etengabeko formakuntza integrala. Formazioa izatea dagokigun beste eskubide bat da. Korporazioak ez du benetako konpromisorik formazioarekiko (inplikatzea ez da formazioa instrumentalizatzea instituzio publikoen bitartez), exijitzen ditugu formazio barne bideak eta bide integralak. Ez dugu onartzen inor baztertzea oinarrizko titulazio faltagatik. Formazioak barneratzailea eta etengabekoa izan behar du. Posible da lanarekin homologazioa lortzea, esperientziari profesionaltasun akreditazioa ematea,...
5) Hausnartzea kooperatibismoaren baitan egungo deribaz (balore eta printzipio falta, elkartasuna zer den ondo ez ulertzea, aberastasunaren banaketa desorekatua,…). Hausnarketan tokia izan behar dute esperientzia honetako pertsona parte-hartzaile guztiek.
Okerreko estrategiak, gardentasun falta, gestio txarrak, ezkutaturiko erantzukizunak,… Sinesgarritasun falta eta indibidualismoa esperientzia kooperatibistako bidaian ekipaje txarrenak dira. Hobetu beharreko gauza asko daude, eta guztion artean egin behar dugu, gure erantzukizuna delako eta horretarako eskubidea daukagulako".
BAZKIDEAK PLATAFORMA