Luis Mariano musikariaren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko ikuskizuna izan zen atzokoa. Irungo Luis Mariano elkarte lirikoak 2004an taularatu zuen lehenengoz Madama Butterfly opera. Oraingoan, baina, aldaketa batzuekin etorri da. "Orduko hartan Madama Butterfly klasikoa egin genuen. Orain, ukitu modernista batekin eszenaratzen dugu" dio Amaia Calvo, eszena erregidoreak. Dekoratuetan edota jantzi eta orrazkeratan nabaria da hori. XX. mende hasierako eta gaur egungo elementuak eta estetika tartekatzen dituzte.
Hiroko Morita, bikain
Hiroko Morita nazioarte mailako sopranoaren lana nabarmendu behar da beste guztiaren gainetik. Madama Butterflyren paperean, taula gainera ateratzen den momentutik bukatzen duenera arte egiten duen lana ezin hobea baita: "Uneoro dago gainera taula gainean. Bi ordu eta erdi ematen ditu kantuan eta hori oso nekeza da. Moritak, baina, lan bikaina egiten du" dio Calvok. Eta hala izan zen atzo ere. Publikoa erabat txunditu zuen atzo Moritak.
Anjel Pazos tenore irundarrak ere ongi bete zuen lana. Pinkerton kapitainaren paperean lan ona egin zuen gipuzkoarrak. Gainontzeko protagonista eta musikariei dagokienean ere txalotzeko lana egin zutela esan behar da: Luis Mariano elkarte lirikoko orkestra eta korua fin ibili ziren. Gainontzeko bakarlariak ere txukun, bereziki nabarmendu behar delarik, Zio Bonzoren, Madama Butterflyren osabaren, papera interpretatu zuen Carlo Tallone italiar baxuaren lana.
Publiko fidela, pozik
Istorioaren bukaeran protagonistak pozik eta ikuslea hunkiturik. Opera taula gainetik publikora heldu zenaren erakusle. "Oso ondo joan zen. Publikoa oso pozik atera zen" dio Manu Gallardo Ozenki elkarteko kideak. Eta gaineratu. "Operak Arrasaten publiko fidela duela argi gelditu da beste behin ere. Dagoeneko badihardugu udazken-negura begira, beste bat antolatzen.