"Arrasaten, ondare historikoarenganako utzikeria handia dago oraindik", dio AZEko kide Xabier Bengoak. Ildo berari eusten dio Jose Angel Barrutiabengoak: "Inguruko herriek guk baino askoz kontzientzia handiagoa daukate, eta hori Bergaran eta Oñatin, besteak beste, erraz ikus dezakegu".
Urte askotako geldialdiaren ostean, 2012ko urtarrilean ekin zion berriz bere ibilbideari AZEk. Ordutik hona, Arrasateko kultura eta natura ondarearen alde lanean dabil elkartea; ikerketak eginez, artxibo lanetan, erakusketak antolatzen eta liburuak argitaratzen. "23 bazkide ditu egun elkarteak", dio Bengoak, nahiz eta "etorkizunean herritar gehiagoren laguntza" izan gurako luketela onartzen duen.
Aprendizen Eskola
Elkarteak joan den zapatuan egin zuen azkeneko ekintza. "Urriaren 27an Aprendizen Eskolako brontzezko hiru letra ostu zituzten, eta joan den egubakoitzean letra horiek lapurtzen saiatu ziren berriz", diote, kezkatuta. Hori ikusita, Udaltzaingoan salaketa jarri eta gero, eraikin zaharraren aurrealdean gelditzen ziren letrak berreskuratu zituzten AZEko zenbait kidek.
"Arrasatearrok ez dakigu zer daukagun Aprendizen Eskolan", dio Barrutiabengoak. Hasiera baten biltegi izan zen eraikina 1939an zabaldu zuen eskola moduan Union Cerrajerak. Aprendizen Eskola, lantegiak behar zituen profesionalen eskola izateaz aparte, kooperatibagintzaren sustatzaile garrantzitsu ere izan zen bere garaian.
Gainera, AZEko kideek uste dute Arrasateko industriaren hazi izandako Olazar olaren hondakinak bertan daudela. "Olazar ola izan zen Union Cerrajera eta ondoren etorri zen industria guztiaren hazia", diote. Aprendizen Eskolak Arrasateren ibilbide historikoa erakusten du, haien ustez. "Erdi Aroan jauntxo asko zeuden inguruko herrietan, Bergaran eta Oñatin, batez ere; Arrasaten, berriz, meatzariak ginen, eta mendeetan zehar langile izaera hori garatzen joan gara", dio Barrutiabengoak.
Hark aipatzen duen langile izaera horren erakusgarri da Aprendizen Eskola. "Olazartik Cerrajerara eta Cerrajeratik kooperatibarako jauzia islatzen du erakinak; XIX. mendea XX.arekin eta XXI.arekin lotzen ditu", dio. Bada, herriak duen langile iragana ikusita, Aprendizen Eskola eta halako eraikinak turismo industriala sustatzeko aprobetxa daitezkeela uste dute.
Proiektu berriak
Baina momentuan sortzen zaizkien ekintzetatik aparte, epe luzeko proiektuetan ere lanean dabiltza Arrasate Zientzia Elkarteko lagunak. Azken asteetan, esaterako, hainbat herritarrek eman dizkieten argazkiekin lanean dabiltza elkarteak Ferrerias kalean duen lokalean. AZEk argazki zaharrez osatutako fondoa osatu nahi du argazki horiekin: "Herriko hainbat leku eta garaitako argazkiak dauzkagu; gehienak hainbat jai eta ospakizunetakoak dira eta balio historiko handia daukate", dio Bengoak. Behin fondoa osatuta, argazkiak Interneten jartzea da haien asmoa.
Hori ez da, baina, AZEk esku artean daukan proiektu bakarra. Joan den urtean, Zezen festak Arrasaten erakusketa antolatu zuen elkarteak San Juanen bueltan. 2.500 herritarrek bisitatu zuten erakusketa. Arrakasta ikusita, aurten esperientzia errepikatzeko asmotan dira AZEkoak, eta, horretarako, hainbat elementu historiko batzen ari dira. Elkarteko kideek oraindik ez dute erakusketaren gaia aditzera eman nahi izan, nahiz eta iazko erakusketaren antzekoa izango dela aurreratu duten.
Horrez gain, Esteban Garibai historialari arrasatearrari omenaldia egin nahi dio AZEk datozen hilabeteetan.