'Madama Butterfly', Pucciniren opera lirikoa Amaia Antzokian

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2014ko mar. 17a, 19:00
Giacomo Puccini, (Lucca, 1858- Brusela, 1924) italiarrak konposatutako 'Madama Butterfly 'opera taularatuko du, martitzenean, Irungo Luis Mariano lirika elkarteak, Amaia Antzokian, 20:00etan. Italiarrez kantatu eta antzeztu duten arren, euskarazko eta gaztelerazko azpitituluak izango ditu.

Arrasateko Ozenki elkarteak Amaia Antzokira ekarriko duen bosgarren opera emanaldirako sarrera ia guztiak salgai jarri orduko agortu baziren ere, bakan batzuk gelditzen dira oraindik: "Goiko ilaratako batzuk ditugu oraindik ere; horiek eskuratzeko idatzi ozenkielkartea@hotmail.es helbidera" azaldu du Manu Gallardo, Ozenki elkarteko kideak.

Amodiozko istorio gordina

Operaren kontakizunak, David Belasco idazle amerikarraren ipuin bat oinarri du eta Nagasakin (Japon) XX.mende hasieran kokatzen da: "Madama Butterfly gaitzizena duen Cio-Cio-San emakume japoniar ausarta eta Pinkerton teniente amerikarraren arteko amodiozko istorioa da. Kultura japoniarrak inposatutako estatusak eta pobreziak harrapatutako emakumearen istorioa da. Operaren hasieratik ikusten da, bikotekide bakoitzaren asmoak ez doazela bide beretik; neskak biziki maite du eta amerikarrarentzako, berriz, abentura bat besterik ez da; laster etxera, Ameriketara, joango da, han beste emakume batekin ezkontzera. Horrelako baten, Madame Butterflyk egia jakingo du eta ondorioz, bere buruaz beste egingo du" azaldu du Gallardok.

Besteak beste, Tosca eta La Boheme konposatu eta gero idatzi zuen Puccinik honakoa. "Estreinaldia frakaso handia izan zen; hori horrela, berridatzi egin zuen. Kritikei erantzunez, lehenengo aktoa moztu eta bigarrena bitan banatu zituen eta tenoreari protagonismo handiagoa eman zion Addio fiorito asil aria (kantua) gehituz, besteak beste. Hiru hilabete beranduago berriz estreinatu zuten, oraingoan, sekulako arrakastarekin" azaldu du Ibon Roblesek, musika adituak.

Erlaxatzeko musika egokia

Hiru aktotan banatuta, bi ordutako iraupena du. Garaiko modernismoa eta italiar musika tradizionala batzen ditu: "Koru asko ez dituen obra da. Opera intimista da, lirismo eta melodia handia duena. Erlaxatu nahi dugunean aukeratzen dugun musika horietako bat da" dio Gallardok.

Koru eta orkestrako musikariak Irungo Luis Mariano elkartekoak badira ere, tenorea izan ezik, italiarrak dira ia protagonista guztiak: "Angel Pazos tenore gipuzkoarra ibilbide handikoa da eta honako obra ere sarritan egin duena. 30 lagunek osatzen duten orkestrako musikari gehienak ere bertakoak dira, Musikene, goi mailako musika eskolakoak dira gehienak, baina atzerritik etorritakoak ere badaude. Hiroko Morita (Cio-Cio-San) sarritan ikusi eta entzun dugun eskarmentu handiko soprano oso ona da; agudo oso onak ditu. Obra horretarako Moritaren ahotsa eta duen kantatzeko modua ezin hobeto datoz" dio Ozenkikoak eta zera gaineratu du Roblesek: Madame Butterflyk du pisu handiena; horren erakusle, ia obra osoan taularen gainean dagoela".

Luis Mariano elkartearekin bat

Orain arteko emanaldiak Opera 2001 konpainiarekin lotu badituzte ere, aurten Luis Mariano musikariaren jaiotzaren mendeurrena dela-eta, haren izena daraman elkarteak egin gura izan dion omenaldiarekin bat egin dute oraingoan, Ozenkikoek: "2004an egin zuten lehenengo opera berriz ere taularatuko zutela jakinda, Arrasatera ekartzeko proposamena egin genien. Azken 15 egunetan arrakastaz erakutsi dute Italiako lau antzoki handitan. Martitzenean gurean izango dira eta Donostian eta Gasteizen erakutsiko dute gero" gaineratu du arrasatekoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak