Sarri entzun ohi dugu giza garapena zer den ulertzeko, kontzeptu horrek bere baitan zer hartzen duen, zertara behartzen gaituen eta zein erronka planteatzen dituen aztertu du gaur goizean Unesco Etxeko zuzendari eta Nazio Batuen Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen batzordeko kide den Mikel Mancisidorrek Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoan egindako hitzaldian.
Azaldu duenez, giza garapenak aintzat hartu behar ditu, esaterako, datu ekonomikoak, baina hori baino harago ere joan behar da: "Giza garapenak batzen ditu bizitza ona izateko ezinbestekoak diren ondo ulertutako hazkundea eta errenta per capita bezalako gakoak eta pertsonengan oinarritutako beste irizpide baloratiboagoak. Pertsonarengandik, pertsonarekin eta pertsonarendako egindako garapena da".
Giza garapena eta hezkuntza
Giza garapenaren eta jasangarritasunaren inguruan ere hitz egin du Mancisidorrek bere berbaldian, bere esanetan, ezberdinak baina bateragarriak diren bi kontzeptu. Mondragon Unibertsitatearen Mendeberri 2.020 hitzaldi zikloaren barruan kokatzen da gaur Mikel Mancisidorrek Arrasaten eskaini duen berbaldia. Zentzu horretan, hezkuntzak giza garapenean duen paperaz galdetuta, ezinbestekoa dela adierazi du: "Hezkuntza giza garapenerako instrumentua bakarrik ez; giza helburua ere bada".