Bateriarekin, baxuarekin edo kontrabaxuarekin, gitarrarekin, saxofoi tenorrarekin eta klarinetearekin musika instrumentala egiten du azkenengo asteetan hirukote bihurtu den taldea. Musikari trebatuak dira denak, eta Aitor Etxagibel bateria jotzailearekin egon gara.
Zelan hasi zen taldea?
Proiektura batu den azkena izan naiz, eta, egia esan, kasualitate hutsa izan zen. Arrasate Musikalen nengoela, Herbie Hancock-en Watermelon man kantua jotzen zeudela entzun nuen, eta, jakin-minak jota, gelara sartzea erabaki nuen. Bertan, Zigor, Raul eta Karlos zeuden eta eurekin bat egitera animatu ninduten. Ba... ordutik hona, hiru bat urte pasatu dira.
Nondik dator Koktel izena?
Koktel izena jarri genion ezkontzetarako talde bezala egin genuelako eta bakoitza herri batekoa garelako. Ni Arrasatekoa; Zigor, saxo eta klarinete jotzailea, Bergarakoa; Karlos, baxu-jotzailea, Elorriokoa; eta Raul, gitarrista, Durangokoa. Kontua da orain Raul Thailandiara joan dela, eta, seguruenik, ez da Durangora bueltan etorriko denbora luzean. Beraz, taldea berregituratzekotan gaude; bi aukera ditugu, beste gitarrista bat hartu edo hirukote bezala jarraitu jazz psikodeliko antzeko zerbait egiten. Ikusiko dugu, ez dugu argi zer egin.
Zergatik jazz musika?
Oso gustukoa dugun musika da. Normalean, jazz estandarrak eta euskal kantuen moldaketak jotzen ditugu. Arrasate Musikalen eta Elorrion entseatzen dugu, eta Elorrion, adibidez, orain dela gutxira arte, Ateneo antzokian, jam saioak egiten genituen. Bertara kontserbatorioko hainbat ikasle joaten ziren. Bertan ere lau kantu grabatu genituen, baina ez ditugu kaleratu, guretzako gorde ditugu. Grabaturiko kantuen artean, bi sorkuntza propio, 105 eta Zerumugak daude, eta, bestetik, Araban bagara euskal kantua eta Mikel Laboaren Gaberako aterbea kantuak daude. Jazz musikaz gain, baina, blues eta funka ere jotzen ditugu.
Zein kantu jotzen dituzue zuzenean?
A night in Tunisia, Autumm Leaves, Charlie Parkerren kanturen bat... jazz estandarrak dira gehienak eta Real Book liburutik aukeratu ohi ditugu. Gure kantuetarako, ordea, Zigorrek idatzi ditu nomenklaturak eta horien gainean jotzen dugu.
Tarteka, gainera, kolaborazioak izaten dituzue.
Bai; besteak beste, Mario Fernandino saxo jotzailearekin eta Ruben Salvador tronpeta jotzailearekin jo izan dugu. Egia esan, ez da betiko talde kontzeptua; hau da, askotan, akonpainamendu lanak egiten ditugu Zigorrentzako edo kolaboratzaileentzako, jazz formatua dela esan daiteke.