Andoni Altzelai: "Jaiak antolatzea lana da, baita zaletasuna ere; ez nago kexatzeko moduan"

Mikel Arregi 2014ko mar. 10a, 11:56

Andoni Altzelai, SUDCek ospitale ondoan duen lokalean.
Arrasateko Aratusteak pasata, jai horietan protagonista izan ohi den Andoni Altzelairekin hitzordua egin dugu. Erretiratuta dagoenez, jaiak prestatzen laguntzeko denbora luzea duela esan digu, eta kalean giro ona sumatzen duela gaineratu.

Saltsa guztietan sartuta dagoen perrexila zarela diote herrian, jaiak benetan bizi dituzun gizona zarela... Egia da hori?

Baliteke horrela izatea, jaiak topera bizi izatea gustatzen zait, eta hori herriko jendeak badakiela uste dut. Urteak aurrera doaz, baina, eta orain parrandarako tarte txikiagoa daukat. Joan den astean Aratusteak izan  dira, eta aitortu behar dizut urteak igarri egin ditudala oraingoan. 

Normala. Aratuste-zalea izanda, mozorro desberdinekin irten ohi zara inguruko herrietan...

Bai. Guk asteburu osoa aprobetxatu nahi izaten dugu. Larunbatean, Arrasateko desfilean parte hartzen dugu lagun guztiok. Igandean, berriz, deskantsua hartzen dugu. Bueno, deskantsua edo... Parranda-deskantsua, hobeto esanda! Igandean Aretxabaletako Aratusteetara joateko ohitura dugu, han dagoen giroa ikusi eta etxera bueltatu. Azkenik, martitzeneko sardinaren hiletaren antolaketan eta Herriko Plazan egiten den ekitaldian parte hartzen dut. Horren ostean, kalean bueltatxoa egiten dugu, eta aitortu behar dizut gau horretaz gehiago gozatzeko aukera dudala erretiratuta nagoenetik.

Aratusteak pasio dira zuretzat, beraz. Nondik datorkizu?

Aratusteetako nire lehen oroitzapena duela 55 urtekoa da, 60ko hamarkada hasierakoa, hain zuzen. Sasoi hartan, gure gurasoen adineko jendea ordura arte debekatuta izan ziren Aratusteetan parte hartzen hasi zen, eta orduan hasi zitzaidan jai hauenganako zaletasuna. Handik urte batzuetara, berriz, sardinaren kontua hasi zen. 1999an izendatu ninduten SUDCeko presidente, eta ordurako 20 urte neramatzan sardinaren hiletaren antolakuntzan. Pentsa, guztira 35 urte inguru izango dira saltsa hauetan sartuta nagoela.

Lagunen artean sortu zen sardinaren hiletaren kontua...

Antton Zumalde eta Margusino zena hasi ziren sardinaren kontuarekin. Gero, gu sartu ginen, eta istorio honi jarraipena eman nahi izan genion. Gaur egun, Mikel Sanzberro, Jose Luis Albes eta hirurok gabiltza sardinaren hileta antolatzen. Orain dela bost urtetik hona gabiltza lan hauetan, erretiratu ginenetik-edo, gutxi gorabehera.

Horrez gain, SUDCek urtean zehar antolatzen dituen beste zenbait ekimenen antolakuntzan ere parte hartzen duzu...

Bai, orain Aratusteak direla-eta sardinaren hileta antolatzen ibili garela esan dizut. Honen ostean, berriz, doke txapelketa etorriko da Aste Santu buelta horretan; eta gero, danborrada antolatzen hasiko gara sanjuanei begira. Ordurako, karrozak eraiki beharko ditugu ospitale ondoan daukagun tailerrean. Eta hori bakarrik ez. Jaietan egiten den helduen bazkaria ere guk antolatzen dugu, eta horrek lan handia eskatzen digu. Guztira, hamar bat ekintza antolatzen ditu SUDCek urtean zehar, eta guztietan parte harzeko ohitura daukat. Ikusten duzunez, ez daukagu aspertzeko denborarik.

Eskerrak erretiratuta zauden... Denborarik baduzu horrenbeste kontutan sartuta ibiltzeko?

Aitona ere banaiz, eta umea zaintzen denbora egiten dut. Orain, baina, lanean nenbilenean baino denbora luzeagoa daukat. Lehen, egunero zortzi ordu egiten nituen lanean, eta gero familiaz arduratu behar nuen. Orain, berriz, goizeko bederatzietan etxetik irten eta eguerdira arte kalean ibiltzen naiz, eta arratsaldean ere libre izaten dut, normalean. Jaiak antolatzea lana da, baina baita zaletasuna ere; beraz, ez dut uste kexatzeko moduan nagoenik.

Jaien antolakuntzan parte hartzea festaz gozatzeko beste modu bat izan daiteke, beraz...

Zure lana dela ikusten duzu, jendeak positiboki baloratzen duena, gainera, eta horrek asko pozten nau. Asko disfrutatzen dut jaien alde lan egiten, eta etorkizunean ere horretan jarraituko dut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak