Gazte indarrez, etorkizuna

Mikel Arregi 2014ko mar. 7a, 15:30

AGAKOko kideak gaztetxeko barra barruan.
Azkenaldian garai zailak bizi dituen arren, bere eguneroko lanean aurrera segitzen du Arrasateko gaztetxeak. Bere filosofiari zintzotasunez eutsiz, autogestioan oinarrituz, aspaldiko helburuegandik borrokan jarraitzen dute.

Hauek, baina, ez dira sasoi errazak gazteentzat. "Udatik hona gorabehera asko izan ditugu", diote Asanbladako kideek azken asteotan aditzera eman diren arazo ekonomikoen inguruan. "Duela urtebete oso ondo geunden, jende ugari hurbiltzen zen gaztetxean egiten ziren ekitaldietara, eta diru aldetik arazo gutxi genituen", diote. Horren ostean, baina, beheraldia etorri zen, eta momentuotan "zulo ekonomiko potente baten" sartuta daudela aitortzen dute.

Arazo ekonomiko hauen iturria eraikinean dagoela uste dute Asanbladako lagunek."Oso gaztetxe handia da gurea, eta horrek eraikinaren tamainako gastuak ekartzen dizkigu", dio haietako batek. Elektrizitate eta mantentze gastuak oso handiak dira, baina gazteek haiei lotuta daudela uste dute. Horren adibide elektrizitatearen faktura jartzen dute. "Elektrizitate potentzia handia daukagu kontratatuta, baina kontzertuak egiten jarraitu ahal izateko argindar hori erabiltzen jarraitu behar dugu, ez dugu beste irtenbiderik", gogorarazten dute.

Egoera zail horri ganorazko erantzuna ematen saiatu dira gaztetxeko kideak azkenaldian. "Udatik hona, dirua ateratzeko ekimen pila egin ditugu: kontzertuak, jaiak...". Gabonetan, esaterako, kamisetak egin zituzten gaztetxe goialdean dagoen serigrafia tailerrean. Jantziak kalean jarritako postuetan saldu zituzten gero, gaztetxearen mantenurako hain beharrezko duten dirua lortzeko helburuarekin.

Ekimen horiek gaztetxearen izaeran eragina izan dutela aitortzen dute, hala ere. "Dirua ateratzea ez da gure filosofiaren parte, baina beharrak bultzatuta gure ekimenak helburu horretara bideratu ditugu azkenaldian", aitortzen dute. Ildo horretatik, jende ugari biltzea lortu duten zenbait ekitaldi antolatu ditu AGAKOk otsailean zehar: Governors eta Never Surrender eta The Potes taldeen kontzertuak; eta Aratusteetako herri bazkari jendetsua, martxoan. Gazteek diotenez, guztietan jendearen erantzuna "ederra" izan da, eta dirua ateratzeaz gain giro ederra sortzea lortu dute.

Autogestioari eutsiz

Ekitaldi "masibo" horien antolaketak, baina, ez ditu zalantzan jartzen AGAKOk betidanik izan dituen oinarriak. Gazte Asanbladak gaztetxearen eztabaida eta erabakitze-gune izaten jarraitzen du. Ostiral arratsaldeetan biltzen da, 18:30ean, eta azkenaldian 15 bat gazteren parte hartzea dauka. Hiru lantalde nagusitan banatzen dira gazteak; barraren kudeaketarako, kontzertuetan teknikari gisa jarduteko eta serigrafia tailerrerako, hain zuzen ere.

Eraikinak Arrasateko Udalarena izaten jarraitzen du, baina Asanbladaren eta agintarien arteko harremanak onak dira, hala ere. Kepa Urteagak, Gazteria zinegotziak, dioenez, "azken urteetan egon den komunikazioak asko erraztu du bi aldeen arteko harremana". Hark dioenez, gaztetxean egiten diren "gauza guztiekin ados ez egon arren", Udalaren ikuspegia gaztetxearekiko "positiboa dela" uste du.

Apirilean urteurrena

Testuinguru horretan, 23 urte beteko ditu Arrasateko gaztetxeak aurten, apirilean. 1991n ekin zion bere ibilbideari AGAKOk frantziskotarren ospitale zaharrean. Hamaika urte egin zituen bertan, eta, urtebeteko etenaren ostean, 2003ko ekainean ireki zuten gaur egun Asanbladak bere egoitza moduan duen Uarkapeko gaztetxea.

Urteurren hori ospatu eta ohiturari jarraipena emateko, urteko hilabete indartsuena antolatuko dute gaztetxeko lagunek apirilerako. "Urtero bezala, ekintza mordo bat egingo ditugu datorren hilean, nahiz eta aurten Aste Santuko oporrek egitaraua laburrago egitera behartu gaituzten", diote gazteek. Laster aurkeztuko dute aurtengo egitaraua.

Hori etorri arte, baina, lanean jarraituko dute AGAKOko lagunek; ganoraz eta ilusioz, aurrean dauzkaten eta etorkizunean etorriko diren erronkei aurre egiteko asmo argiarekin. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak