Arrasateko Uribarri auzoan dagoen Barrenatxo errotaren inguruko kezka aspalditik dator. 1994an egin zion auzo alkatetzak errota eraberritzeko eskaria Aldundiari. 2006an Udalak onartutako plan orokorrean ere jasotzen da errota dagoen inguruan zerbait eraikiz gero, enpresa eraikitzaileak eraberritu egin beharko duela, eta gero Udalari eman beharko diola.
Polmetasako lantegi berria eraikitzen duen San Andres Berri enpresak plan bat aurkeztu zuen errota eraberritzeko. Aldundiak ere onartu zuen plan hau, baina errepidea zela eta, errotaren atea lekuz aldatzeko eskatuz. Udalak orduan, erabaki zuen nahikoa zela errotaren oinarriaren aztarna batzuk mantentzea. Hori ikusita, Arrasate Zientzi Elkarteak administrazioarekiko auzi prozesura jo zuen, eta iazko irailean ateratako sententzian bukatu zuen prozesura. "Sententziak dio, gutxi gora behera, errotaren bolumena, egitura eta itxura gorde egin behar dela" dio Arrasate Zientzia Elkarteko presidente Xabier Bengoak.
Sententzia jakin ostean, Arrasate Zientzia Elkartekoak Udalarekin harremanetan jarri ziren eta azken kontaktua duela pare bat aste izan arren, oraindik ez dute erantzunik jaso. Elkarteko kideek eskatzen dutena da, apurka apurka bada ere, errota eraberritzen joatea. Erantzunik jaso ez duten arren, itxaropentsu daudela gaineratu du bengoak.
Errotaren balioa
Barrenatxo errotaren inguruko lehen aztarna idatziak XV. mendekoak dira, eta besteak beste, bidezainen biltegia, ganadurarendako pentsuaren lantegia eta okre-koloreko pintura lantegia izan da. Egun egoera kaxkarrean dagoen arren, Arrasaterendako balio handikoa dela diote Arrasate Zientzia Elkartetik: "Arrasaten ez dago hain eraikin zaharrik, edo behintzat hain toki zaharrean agertzen denik. Finkatu egin behar dira behin betiko; erreferentzia moduan hartu behar ditugu horrelakoak".