Azkenaldian Kanariar uharteetan, Las Palmasen, bizi zen. Haren anaia, Juan Luis Panero, hura ere poeta, iazko irailean hil zen. Haien bien aita Leopoldo, ere poeta izan zen.
Leopoldo Maria Panero poeta "madarikatu eta marjinalak", askoren berbetan, iaz batu zituen Poesia completa izeneko bilduman, 2000 eta 2010 artean argitaratutako poema guztiak.
Haren editore Huerga Fierrok mezu honekin agurtu du Facebook-en bitartez: "Leopoldo Maria Panero, lagun, beti izan zara poeta aparta, lagunen lagun fidela. Zauden tokian zaudela, zure falta igarriko dugu. Maite zaitugu. Bakean joan".
'Arrasate Press'-en elkarrizketa
80ko eta 90eko hamarkadan Aita Menni ospitale psikiatrikoan (Santa Ageda) egon zen ingresatuta. 1989ko apirilean (20. zenbakia), hain justu ere, Arrasate Press aldizkarian elkarrizketa egin zioten. Zorotasunaren gainean egiten zion galde kazetariak eta zoro egoteko eskubidea aldarrikatzen zuen idazleak. Hauxe erantzuna:
"Zoramena bekatu egiteko aitzakia da. Gaur egungo gizartean zoroa deabroduna bailitzan hartzen da. Beren trukuekin erizaina tentatzen dutela uste da eta hori deabruaren imajina bera da. Zoroak prelogika era batean pentsatzen duela esan daiteke. Eta horrela gizon primitiboarekin parekatzen da. Zoro gizarte kapitalista honen muga da, bere proletarioa eta bere aingeru suntsitzailea da. Gizarte primitiboetan ez zegoen zororik. Gaur egun, zoro batek errukia sor dezake baina inoiz ez errebelatzeko gogoa. Hala ere, jarrera dibergentea eta kontzientzia desberdina izateko eskubidea badagoela uste dut, hau da, zoro egoteko eskubidea".
Fury days musika informazioaren gaineko blogean elkarrizketatu zuten 2012ko ekainean. Handik hartu dugu albiste hau ilustratzeko argazkia. Hauxe zioen idazleak, lerroburuan: "ETA da Gobernuaren benetako oposizio bakarra".
Hemen, jarraian, Leopoldo Maria Paneroren poesia bat, Josu Goikoetxeak euskaratua:
Bizitza oraino gordetzen den
lekutik harago, bada
erresuma bat, bada lantzea
nola errege batek agonia,
bada erresuma bat bezala loraraztea
agoniako lore lizuna:
nik, dena prostituitu zuen honek, oraino
prostitui dezaket neure heriotza eta egin
neure gorpuaz azken poema.