Ostiralean abiatuko da Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa

Miren Mujika 2014ko mar. 5a, 18:22

33. Bertsolari Txapelketa
Martxoaren 7an hasiko da eta, sei kanporaketa saio egin ostean, maiatzaren 11n izango da bat-bateko finala Arrasaten. Lehenengo saioa datorren ostiralean izango da Zarautzen. Hiru ekimen egingo dira: idatzizko sariketa, saio didaktikoa eta bat-bateko txapelketaren kanporaketa.

Bertsopaper ariketa Zarauzko Oteiza Lizeoan izango da, 15:00etatik 16:00etara. Zarauzko eta Orioko Ikastolek, Getariako Iturzaeta eskolak, Zumaiako eskolak eta Hernaniko BHI-ko 205 ikaslek hartuko dute parte.

Ondoren, 16:30etik 17:30era, saio didaktikoa izango da Zarauzko Modelo aretoan. Zarauzko bi talde eta Hernaniko taldea arituko dira, Mantxi eta Andoni Egaña bertsolariekin batera. Aurkezle lanetan Peru Gabirondo arituko da.

Eguna borobiltzeko, 19:00etan afari-merienda egin ostean, iluntzeko 20:30ak aldera hasita, helduen bat-bateko saioa izango da Urpekoak Elkartean (Azken Portu). Bat-batean arituko dira: Amaia Urbieta (Zarautz), Unai Sarasua (Zumaia), Danel Olano (Getaria), Aitor Baledi (Hernani), Andoni Mujika (Urnieta) eta Jon Otegi (Oiartzun). Aurkezlea Leire Etxeberria izango da.

Hurrengo kanporaketa saioak aldiz, Lasarten, Zumarragan, Lazkaon, Elgoibarren eta Azkoitian izango dira.

Berrituta, filosofian eta formatuetan

Berrituta dator Gipuzkoako Eskolartekoaren 34. edizioa, filosofian eta formatuetan. Kanporaketa egun bakoitzean, hiru ekimen egingo dira herri berean:

  • Idatzizko sariketa, ohi bezala egingo da: ikastetxe batean herri ezberdinetako ikastetxeetako ikasleak elkartu, eta bertsoak jartzeko gaia emango zaie, baita denbora jakin bat ere. Lanak bertan aurkeztuko dituzte, eta lan hautatuak bat-bateko txapelketaren final egunean sarituko dira. Guztira, 956 ikaslek hartuko dute parte idatzizkoan, 28 ikastetxek eta hainbat bertso-eskoletako ikasleek.
  • Saio didaktikoa, lehen aldiz egingo da. Idatzizko lanak egin dituzten ikasle horiek elkartuko dira hurbileko areto batean, eta eurentzat neurrikoa eta erakargarria izango den saio bat eskainiko dute inguruko bertso-eskoletako haurrek eta bi bertsolari ezagunek. Gai jartzaileak publikoa ere inplikatzeko ariketak jarriko dizkie.
  • Bat-bateko txapelketaren kanporaketa. Gazteek Txapelketa gustuko dutela adierazia dutenez, urtean zeharreko bertso merendu eta gazteen saioez gain, 15-18 urtekoek Txapelketan ere parte hartzeko aukera izango dute, nahi duten rolean: bertsolari gisa zein gai-jartzaile gisa. Herriko elkarte batean bertso afari formatuan egingo dute bat-bateko kanporaketa saioa, 19:00etan hasita. Eskolartekoan parte hartuko duten Gipuzkoako bertso-eskolen artean daude Arrasatekoa eta Oñatikoa. 15 urtez beherako haurrak, berriz, ez dira Txapelketan lehiatuko. Bertso merenduak egingo dira eurentzat hainbat herritan, inguruko bertso-eskoletako taldeak elkartuz, eta giro hurbilean bertsotan eginez.

Gipuzkoako finala, Arrasaten

Sei kanporaketa egin ostean, maiatzaren 11n izango da bat-bateko finala, Arrasaten; Amaia Antzokian izango da, 11:00etan hasita. Euskal Herriko finala eta festa, berriz, Orion ospatuko dira, ekainaren 21ean. 2014ko Gabonetako oporraldietan lehen aldiz antolatuko diren Euskal Herriko negulekuetarako egonaldia irabaziko dute finalista izaten direnek.

Bertso-udalekuak

Bertso-udalekuetan izena emateko epea martxoaren 11n, 09:00etan, zabalduko da, bertsozale txikienentzat. Formularioa www.bertsozale.com webgunean aktibatuko da. Udalekuen helburuak bertso zaletasuna sustatzea, aisialdian euskaraz gozatzea eta Euskal Herriko haur zein gazte bertsozaleen artean lagun sareak sortzea dira. Martxoaren 27ra arte lehentasuna izango dute bertso-eskoletako kideek zein gurasoetako bat Bertsozale Elkarteko bazkide dutenek.

Uztailan eta abuztuan zehar bost txanda eskainiko dira 9 urtetik hasi eta 18 urtera artekoentzat, Euskal Herriko bost lurraldetan: Baigorri, Orio, Arrazola, Irañeta eta Zuhatzan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak