Arrasateko azoka biziberritzeko ekimena, proposamenetatik ekintzetara pasatzeko gertu

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko mar. 5a, 16:44

Bagara eta Arrasateko Udala elkarlanean ari dira Arrasateko azoka biziberritu guran. Bagarako Nagore Iraolak dioenez, Azoka Plazarena "arnas luzeko" ekimena da eta horregatik faseka ari dira proiektua lantzen. Gaur hirugarren fasean egingo diren ekintzen berri eman dute, izan ere, aurten betetze bidean jarriko da egitasmoa.

Bagarako Nagore Iraola eta Arrasateko alkate Inazio Azkarragaurizar izan dira nobedadeen berri ematen. Alkatearen arabera, Azoka Plazarena "erronka estrategikoa" da Udalarendako, "bai sozialki eta bai ekonomikoki".

Kudeaketa eredua aldatzeko asmoz

Iraolak, bestalde, GUreztatu ekimena "arnas luzeko" proiektua denez, 2014an zehar egingo diren aurrerapenen berri eman du: "Azokaren kudeaketa eredua zehaztu eta hori pleguetara eraman gura dugu. Orain arteko kudeaketa publiko hori partekatua izatea gura bada hori pleguetan islatzea da asmoa". Orain arte indarrean dauden plegu eta ordenantzak 2014ko abenduaren 31n bukatzen dira eta Bagarakoen ustez epe hori aukera bat izan daiteke kudeaketa eredu berriarekin hasteko.

Diseinu arkitektoniko definitiboa

Era berean, azokaren diseinu arkitektoniko berriaren azken argazkia irudikatuko duen proiektu gidatzailea egiten ari da Arrasateko Telleria arkitekto bulegoa. Proiektu gidatzaile horrek zehaztuko ditu beharrezko izango diren askotariko obrak faseka gauzatu ahal izateko plangintza zehatza, eta baita aurrekontu osoaren zenbatekoa ere.

Orain arteko ekintzak mantendu eta aukera berriak bilatu

2014rako beste asmo bat da orain arte egiten diren ekintzak –haurrendako txokolate-janak, hileroko Elkartruke azoka, azoka bereziak...– mantentzea eta egonkortzea. Horrez gain, aukera berriak ere aztertzen dihardute; eragile ezberdinen jarduerak azokan txertatzeko aukerak, kasu.

Lehen sektorea bultzatu

GUreztatu ekimenak, nola ez, lehen sektoreari bultzada ematea ere badu helburu: "Lehen sektorearen mahaia martxan dago, azoka da-eta lehen sektorea merkaturatzeko biderik zuzenena", dio Iraolak. Etorkizunean bertako baserritarrek "garrantzi berezia" izango dute eta lehen sektorera jende berria erakartzeko ere egingo da lana.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak