Hori horrela, fundazioak Guztia alda dezakeen giltza gara kanpaina abiarazi zuen 2013ko azaroan, eta GOD-5 giltza baliatu dute kanpainako irudi sinboliko moduan. Eta giltza horren jatorria Arrasaten dago, hain zuzen ere, JMA lantegian.
Mezua zabaltzeko giltza
"Fundazioko kideak gurekin ipini ziren kontaktuan eta kanpainaren berri eman ziguten", eman dute aditzera JMA lantegitik.Hori horrela, bizpahiru bilera egin zituzten giltzak egiten ezaguna den enpresako eta Vicente Ferrer Fundazioko kideek. "Gauzak nahiko argi zituzten; euren mezua zabaltzeko giltza bat behar zutela esan ziguten, eta guk hainbat ideiei bueltak eman genizkien. Hasiera batetan, giltza funtzional, erabilgarri bat egitea pentsatu genuen, baina konturatu ginen zentzu handirik ere ez zuela".
Hori horrela, Indian giltzarik garrantzitsuenaren aldeko apustua egin zuten azkenean, eta kanpaina bera, eta giltzak salduta lagunduko den herrialdea uztartu zituzten modu horretan.
Baina zergatik jo zuen Vicente Ferrer Fundazioko kideek JMAra euren kanpainaren parte izateko? "Arrazoia argia da, JMA enpresarekin harremanetan ipini ginen Europako giltza ekoizle garrantzitsuena delako". Halaxe eman digu aditzera Vicente Ferrer Fundazioko Ana Belén Cañaverasek.
Vicente Ferrer Fundazioaren eta JMA lantegiaren arteko harremanak aurreneko unetik onak izan direla gaineratu du Cañaverasek, eta gainera, euren proiektuan nahasteko asmoa erakutsi zuen hasiera-hasieratik Arrasateko lantegiak. "Gaineratu behar dugu, JMAk ez duela inongo irabazi ekonomikorik izan parte hartzeagatik".
Anantapurrerako dirua
Esan bezala, sinbolismo kutsuko giltza da Arrasaten ekoiztu eta toki ugaritara iritsi dena. "Babesean hartzea esperantzari eta milioika pertsonen garapenari atea irekitzea da, eta era berean, Indian dagoen muturreko pobrezia erauzten laguntzeko balio du".
Hala, euren mezua zabaltzeko oso xumea den giltza bat hautatu dutela eman dute aditzera, eta Arrasateko lantegitik irtendako giltzak salgai ipini dituzte. Eta batutako dirua Indiako Anantapur hirian ospitale, ikastetxe eta etxebizitza berriak eraikitzera bideratu dutela gaineratu dute fundazioko kideek.
Fundazioari izena ematen dion pertsona, Vicente Ferrer boluntarioa, Anantapur hirian, hil zen, gainera. Urte luzeetan Indian hainbat proiektu garatzen lanean aritu zen Bartzelonan jaiotakoak. Hain zuzen, 1952an iritsi zen aurrenekoz herrialde hartara, baina ez zen 1969ra arte Anantapurrera iritsi; ordutik bertako bizilagunei laguntzen aritu zen 2009ra arte.
Hori horrela, Guztia alda dezakeen giltza gara kanpaina Indiako zonalde hartako pobreziari aurre egiteko urrats bat gehiago emateko ideiaz sortu zuten eta "Vicente Ferrer Fundazioko giltza erosita helburua lortzen lagunduko digute herritarrek".