Zorionez, susto batean geratu zen guztia. Hori bai, denbora askoan ahaztuko ez duzuen sustoa...
Bai, galanta izan zen. Momentu larriak bizi izan genituen, baina egia esan ez nuen izan beldurtzeko denborarik ere. Bizirik irauteko sena irten zitzaidan. Orain, grabatutako irudiak ikusten ditudan bakoitzean, ostera datozkit oroimenera han bizitako une zail horiek.
Belaontzi proba batean parte-hartzen zenbiltzaten guztia gertatu zenean. Nola izan zen?
Zumaia eta Getaria artean egin zen arraunketan parte-hartu genuen. Behin amaitutakoan, irratitik abisatu ziguten hasierako buia batzeko. Ondorioz, atzean gelditu ginen. Proban parte-hartu zuten gainerako belaontzi guztiak dagoeneko portuan zeuden eta gu izan ginen iristen azkenak. Hain zuzen, portura gerturatzen genbiltzala ohartu ginen olatuak handituz zihoazela, baina ez genuen pentsatu ere egin gertatutakoa pasako zenik. Halako batean, olatu ikaragarria etorri eta jan egin gintuen.
Belaontzia bere onera etorri zenean, lau pertsona uretan zirela ohartu zineten. Hori ere gogorra izango zen...
Olatua zetorrela ikus genuenean, ez geunden ziur emango ote zigun, izan ere, dagoeneko portura sartzen genbiltzan. Olatua lehertu zenean, baina, argi zegoen kolpe handia eman behar zigula. Eta hala izan zen: olatuak belaontzia irauli zuen. Nik mastari heldu nion eta horrela izan nintzen ur azpian. Segundo pare horretan, neuri buruari esaten nion: "heldu gogor, heldu gogor, eta ez da ezer pasako, dagoeneko portuan sartzen gabiltza". Itsasontzia zutik jarri zenean, lau kide uretan zeudela ohartu nintzen. Bik txalekoa zeramaten jantzita eta beste biek ez (bat patroia eta bestea nire aita). Badago horrelakoetan jarraitu beharreko protokolo bat: flotagailua bota behar diozu uretan dagoenari, irratitik abistua eman behar duzu... Kaosaren erdian saiatu ginen hori egiten. Egia esan, zortea izan genuen. Izan ere, irratitik egin genuen dei hori orduantxe portutik irteten zebilen ontzi azkar batek jaso zuen. Zumaiako familia bat zihoan bertan: bikote bat bere seme-alabekin. Egoera zein zen ikusi zutenean seme-alabak gure belaontzira pasa zituzten eta ni euren ontzira pasa nintzen. Orduan joan ginen uretan zeudenen bila. Une batez ez nituen laurak ikusten, bi besterik ez; hori da gordetzen dudan oroitzapen txarrena. Ohartu ginen, baina, txalekoa zuten beste biei helduta zeudela. Lehen ardura izan zen txaleko gabe zeuden biak ateratzea uretatik. Aita zegoen larrien eta bera erreskatatu genuen lehendabizi. Ondoren, patroia. Azkenik, txalekoaz zeuden beste biak. Susto galanta izan zen, baina behintzat, kontatu dezakegu.
Berriz itsasora irteteko beldurra sortu al dizu gertaera honek?
Datorren astean beste proba bat dugu. Printzipioz, bagoaz, baina patroiak erabakiko du. Gertaturikoak ez dit belarekiko dudan zaletasuna kenduko, asmo maite dugun zerbait da.
Ontzian bost arrasatear zindoazten. Barrualdekoak izanda, nolatan belarekiko zaletasuna?
Badira urte batzuk aita ontzi honekin arraunketetan parte-hartzen hasi zela. Etxean ere badugu itsasontzi bat, probetarako balio ez duena, baina badugu udan itsasora irteteko ohitura. Ni neu orain dela bi urte hasi nintzen lehiatzen. Egia esan, neure burua berde xamar ikusten dut. Oraindik asko gelditzen zait ikasteko. Ikaragarri engantxatzen duen kirola da. Itsasoan izatea eta hortaz disfrutatzea asko gustatzen zait.
Gurean ez da ohiko kirola. Zein da txapelketen funtzionamendua?
Guk parte-hartzen dugu Zumaia eta Getariako belaontzi klubek antolatzen duten lehiaketan: neguko ligan. Hiru kategoria daude eta guk jokatzen dugu IRC delakoan. Bi astean behin izaten dira probak. Egin beharrekoa izaten da: ezartzen diren bi edo hiru puntuetatik (haizearen norabidearen arabera ezartzen dira) pasatzea. Hein batean, haizearekin jolastuz puntu horietara joan behar duzu. Dirudiena baino taktika gehiago erabili behar izaten da.
Hasieratik hasten zara kirolaz disfrutatzen edo taktika menderatu behar da?
Hasieratik hasten zara gozatzen. Itsasoan zaudenean sentitzen duzunak ez du preziorik. Taktika esperientziaz ikasten duzu.
Zenbat irauten du ligak?
Urria amaieran edo azaroa hasieran hasten da eta apirilera bitarte irauten du. Dagoeneko liga amaieran gaude, baina aurtengo negua oso berezia izan da, denborale asko egon dira-eta. Ondorioz, bi hilabete itsasora irten gabe egon gara. Hain zuen, berriz irten ginen lehen aldia izan zen sustoa hartu genuenekoa, eta begira...
Zein izaten da zuen helburua: lehiaz disfrutatzea edo aurrean ibiltzea?
Parte-hartzea, disfrutatzea eta ikastea izaten da gure nahia; noski, baita arraunketa batetik bestera aurrera pausoak egitea. Egia esan, gertakariaren egunean, sekula egin dugun proba onena egin genuen. Baina, bai, kirol guztiak bezala hau ere lehia da eta saiatzen gara besteen aurretik iristen.