Beste garai batean edo beste nonbait jaio izan balira, talde handi eta ezagun batez hitz egiten egongo ginen; hala ere, zortea ez dute ondoan izan eta ikusle asko jarraitzaile sutsu bihurtu arren edo atzerriko talde asko aho bete hortz utzi arren, Bitter Honeyk ez du merezitako errekonozimendurik izan.
Led Zeppelin, Deep Purple, Grand Funk Railroad edo The Cult taldeen oinordeko nabarmenak izan dira arrasatearrak, baina abenturak eten bat izango duela dirudi. Martxoaren 15erako agur kontzertua antolatu dute, eta bertan, Bitter Honey eta haien inguruko unibertsoa elkartuko da, Arrasateko Gaztetxean. Izan ere, urte hauetan guztietan egin dituzten proiektuak taularatuko dituzte: Fat Lizzy, Bacon Maiden eta Bitter Sabbath. Sorpresaz beteriko gaua izango da; izan ere, eszenan gonbidatuak izateaz gainera, ibilbidean ondoan izan dituztenei hainbat ezusteko prestatu dizkiete.
Agur ala gero arte?
[Aitor] Ez daukagu erantzun argirik. Kontua da Borja atzerrira doala eta Ota alderik alde ibiliko da datozen urteetan. Ez dakigu zer gertatuko den, baliteke urtebete barru Borja bueltan egotea eta Bitter Honey indarberrituta bueltatzea; edo ez. Urteak pasatu ahala dena zailago bihurtzen da, eta, egia esan, askotan kolokan egon da taldearen jarraipena; badirudi heldu dela momentua.
Sei urte eta bi disko borobil.
2010ean Songs of love and destruction kaleratu genuen eta 2012an, Synbolized. Lehenengoa Tio Pete estudioan grabatu genuen eta nahasketak eta masterra Iruñean egin genituen Dani Uleziarekin. Uleziak gustuko ditugun disko dezente ekoiztu ditu eta horregatik erabaki genuen harekin lan egitea. Batez ere, Hoey and the Mussels taldearekin A Daemon Dozen diskoan lortutako soinua gustatu zitzaigun. Grabazio azkarra izan zen. Bigarrena, ordea, Synbolized, astunagoa izan zen. Lorentzo Records estudiora sartu bezain laster, ordenagailua apurtu zen eta bi egun galdu genituen. Astean zehar joan behar izan genuen, eta gogorragoa egin zitzaigun.
Synbolized-eko prozesuan, gainera, beste taldekide bat egon zen.
Bai; lehen esan bezala, taldea kolokan egon da hainbat momentutan eta hura bat izan zen. Hasiera baten, Ota-k atzerrira joateko asmoa zuen eta Yago Goronaetari [Ekon, Cool Circus] jotzeko proposatu genion. Azkenean, Ota bertan geratu zen eta bi gitarristarekin eman genituen hilabete batzuk. Kantu berriak formazio harekin egin genituen, eta indar handia zuten. Bi gitarristak apartak dira eta bataren indarra bestearen estiloarekin batuz, ateak zabaldu zitzaizkigun. Hala ere, abenturak ez zuen luze iraun eta Yago Governors-ekin jotzen hasi bezain laster, betiko laukoteak jarraitu genuen. Beraz, Synbolized diskorako egindako kantuei guraizea sartu behar izan genien eta laukote formatuari egokitu.
Kontua da kantu eta zuzeneko indartsuak dituzuela, kritika bikainak jaso dituzuela, baina, hala ere, ez duzue behin betiko saltoa emateko aukerarik izan.
[Aitor] Kontu zaila da. Bi alde daude hor. Gure aldetik, kontzertu gehiago eman behar genituela uste dut; baina, bestetik, laguntza izatea ezinbestekoa da gaur egun. Taldeak apustu egin behar duela uste dut, errepidera irten eta astebururo kilometroak egin eta kontzertuak eman. Baina, esan bezala, hori egiteko laguntza behar da; behin saiatu ginen, baina ez zen nahi bezain ondo irten. Hala ere, esan beharra dago sei urte hauetan jende askok era desinteresatuan lagundu digula, kontzertuak antolatzen, musika zabaltzen, argazkiak ateratzen eta diseinua egiten, esaterako, eta bihotzez eskertzen dugu.
[Borja] Lokalean ordu asko sartu ditugu, horietako asko konposatzen. Synbolized kaleratu genuenean, zuzeneko show bat prestatzea pentsatu genuen. Bi diskoetako kantuei irteera ematea, nolabait. Hala ere, dena ez da nahi den moduan irteten.
Dena den, hainbat ihesaldi egin dituzue.
Bai, eta esperientzia gogoangarrienak bertakoak dira. Lokaleko orduak lanorduak dira; horrek ez du esan nahi ez garenik dibertitzen, baina errepidera irteterakoan bizi izan ditugu abenturak. Besteak beste, Vigon, Bartzelonan, Londresen eta Madrilen egon gara eta lagun handiak egin ditugu. Madrilen, adibidez, birritan egon gara, Electric Fence taldearekin, eta harreman handia egin dugu eurekin. Eurak ere bertara etorri ziren bi kontzertua ematera.
Pertsona askori asko zor diegu; adibidez, Volt Face-ko Pilarri, Vigoko Aurorari eta Bartzelonako Enrici. Horrez gain, talde askorekin jotzeko aukera izan dugu, eta esperientzia gaziak Quireboys-ekin, adibidez, bizi izan ditugun arren, gehienak ahaztezinak izan dira. Azkenean, oroitzapen onak gordetzen ditugu, eta urte hauetan guztietan bizi izandakoa paregabea izan da.
Zerbait egiteke geratu da?
Bai, kantu batzuen ideiak grabaturik ditugu; beraz...