Aitor Lopez Rekarte: "Seme-alabekin bazkaltzea edo afaltzea oso une berezia da niretako"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko mar. 6a, 12:00

Aitor Lopez Rekarte 'Bonba', Arrasateko Hama4 jatetxean.
Arrasateko Hama4 jatetxean hartu gaitu, prestutasun osoz, Aitor Lopez Rekartek. Sukaldeko kontuez gain, futbolaz eta bizitzaz ere egin dugu berba 'Bonba'-rekin; lasai, luze eta zabal.

Zein da Aitor Lopez Rekarte? Nolakoa da?

Nire burua ez dut erabat ezagutzen, nire barruak astintzen dihardut oraindik. Futbolaren garaia pasata, nire barruan ari naiz bila. Orain gustatzen zaizkidan gauzak egiten saiatzen naiz.

Ze harreman duzu sukaldearekin?

Jatetxean ez naiz sukaldean sartzen, besteei lan egiten uzten diet. Etxean bai, kozinatzen dut.

Zein da zure espezialitatea sukaldean?

Harro nago nire patata-tortillarekin. Ona dagoen? Emazteak esan beharko... 

Zertara gonbidatuko zenuke lagunik onena?

Bidaia batera. Nora? Biok adostu beharko genuke. 

Eta etsairik handiena?

Beste bidaia batera.

Norekin eseriko zinen mahaiaren bueltan? Zergatik?

Nire seme-alabekin; eurekin bazkaldu edo afaltzea oso une berezia da niretako.

Zergatik futbolari?

Galdera ona. Txikitan hainbat kontutan abilezia nuen baina nire etxean futbola bizi izan da betidanik. Nik uste aitak sartu zidala futbolaren pozoia. Jokalaria zen, gero entrenatzailea... Behin hasten zarenean, bola hori handitzen doa eta zaila da uztea.  

Zure garaitik gaur egunera zertan aldatu da futbola?

Zaila da esatea, orain kanpotik ikusten dut-eta. Jokoa azkarragoa dela eta taldeko lana gehiago lantzen dela; hori nabarmenduko nuke, betiere kanpotik. 

Noiz iritsiko da Arrasateko hurrengo izarra? Bonba, Gontxa eta...

Lehenbailehen hel dadila. Arrasate beti izan da erreferente bat; gure desioa da hurrengoa laster agertzea, ez dago esan beharrik.

Futbol profesionala utzi duzu, baina kirola ez.

Ez. Egia esan, ez zait batere erraza antolatzea. Gainera, txikitatik oso lehiakorra naiz eta korrika egitera irten ezkero hiru ordu egin gura dut korrikan... 

Futbolari ez bazina...

Ez dakit esaten. Orain internetera sartzen naizenean, harrituta geratzen naiz breakdance egiten duten dantzari horiekin. Asko gustatzen zait. 

Zer maite duzu zure bizimoduan?

Saiatzen naiz ahalik eta gauza gehien maitatzen. Aspaldi konturatu nintzen maitasuna oso garrantzitsua dela ondo bizitzeko. Landu beharrekoa da, gainera.

Iratxoek hiru desio betetzeko aukera eman dizute...

Niretzat ez dago iratxorik, nire desioak nik lortu behar ditut. Ez dago inor, nitaz aparte, nire ametsak betearaziko dituenik.

Zure bizitzako anekdota bat.

Ingalaterran jokatutako partidu baten jokoz kanpoko bat apurtzen ari nintzela esan zidan marrazainak. Denetarik esan nion...

Zer da ezinbestekoa zure bizitzan?

Maitasuna eta izaera. Maitasuna noski, baina izaera ere oso garrantzitsua da; gure ohiturak aldatzen saiatu arren izaeran ez badago aldaketarik ohitura horiek aldatzen bizitza osoa eman dezakegu. Izaera horrek markatzen du gero norberaren nortasuna. 

Damu zara...

Saiatzen naiz iraganaz ez pentsatzen. Era berean, baina, akatsetatik ikasten da gehien. Topiko bat da, baina burua akatsetatik ikasten jartzea sekretua da niretako. 

Zer errepikatuko zenuke?

Bizipenak, harremanak...

Zerk beldurtzen zaitu?

Txikitan beldur asko sortzen dira. Bide bat markatzen digute, eta horrek neurri baten iniziatiba galtzea suposatzen du. Orain, esaterako, negozio berri bat zabaltzerakoan beldurra da sentitzen dudan lehen emozioa: zer esango duten, gaizki ateratzen bazait zer... Orain, aita naizela, modu berezi baten analizatzen dut hori. Era berean, beldurra ere ona izan daiteke, defendatu egiten gaituelako. Oreka hori aurkitzean dago gakoa. 

Lanetik etxera iritsi berri, sofan eseri eta...

Saiatzen naiz deskantsatzen. Lehen kirolagatik eta orain bestelako buruhausteengatik, lehertuta amaitzen dut eguna. Burua deskonektatzea ezinbestekoa da deskantsatzeko. 

Nora egingo zenuke ospa?

Inora ez. Gustura nago hemen. 

Ze ohitura, esaldi edo aholku konpartituko zenuke?

Jendeari aholkatuko nioke bere barruan bila dezala. Lanik handiena norberaren barrura begiratu eta nor garen onartzea da. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak