Andrea Garcia: "Entrenatzaile izanda, psikologo lana egitea tokatzen zait, baina oso aberasgarria da"

Mireia Bikuña 2014ko mar. 2a, 00:00
Andrea Garcia.
Asturiarra jaiotzez. Arrasaten bizi da, Gasteizen dihardu SHEE ikasten eta Oñatiko Aloña Mendiko eskubaloi jokalaria da, senior mailan. Gainera, infantil mailako nesken B taldeko entrenatzailea da. Andrea Garcia (Candas, 1994) da hura. "Eskubaloiaz maiteminduta" dagoen emakumea. 2013ko irailean heldu zen gurera.

Asturiarra zara eta Arrasaten bizi zara, baina zure amamarekin. Bitxia.

Bai. [Barre] Aita asturiarra da eta ama arrasatearra. 6 urterekin eskubaloian jokatzen hasi nintzenetik, garbi nuen kirolarekin zerikusia zuten ikasketak egingo nituela, eta SHEE lurralde batzuetan bakarrik dago. Horietako bat EAE da. Hori horrela, Gasteizerako bidea hartu nuen, eta, etxe bat alokatu ordez, amamaren etxera joatea erabaki nuen, Arrasatera.

Arrasatera heldu eta eskubaloi talderik ez.

Hona etortzea erabaki nuenean, Asturiasen nuen entrenatzaileak lehen hartu-emana egin zuen Aloña Mendirekin. Ainhoa Unamunok, orduko entrenatzaileak, eurekin lan egiteko aukera eman zidan, eta oso gustura nago.

Zein ezaugarri dituzu eskubaloi jokalari moduan?

Eskuineko lateralean jokatzen dut eta oso lasaia naizela esango nuke. Taldekako kirola izanda, gainerako taldekideak laguntzeko prest dagoen jokalaria. Kantxan inoiz haserratzen ez dena, eta besteenganako hitz gozoak dituena. Horrelakoa naiz ni, eta besteek ere antzerako jokabidea izatea gustatuko litzaidake.  

Nola hartu zintuzten Aloña Mendiko seniorretan?

Oso ondo. Ez da erraza ezagutzen ez duzun talde baten sartzea. Zorionez, ondo hartu ninduten. Kantxa barruan ondo moldatzen gara; kantxatik kanpo, hobeto ezagutzeko, askotan elkartzen gara: afaltzeko, tragoak hartzeko...

Asturiasen jokatzen zenuen mailaren eta hemengoaren artean alde handia dago?

Bai. Asturiasen maila bat gorago jokatzen nuen, baina hango eskubaloi maila hemengoa baino txikiagoa da. Hemen emakumezkoen talde askoz gehiago dago, eta jokalari on gehiago. Asturiasko Selekzioko kide izan naizenetan, Euskal Herriko Selekzioaren kontra galdu egin dugu beti. Halako txapelketetan oso nabaria zen bi taldeen arteko aldea.

13 daramazu eskubaloian jokatzen. Zer dauka kirol horrek?

Batez ere, taldekako kirola dela. Beste jokalari batzuekin hartu-emana izatea aberasgarria da. Kirola egin eta lagunekin egon.

Jokalari izateaz gain, infantil mailako nesken entrenatzailea zara. Ez da erronka makala izango 14 urteko neskak entrenatzea!

Irailean hasi nintzen, eta oso gustura nago. Oso aberasgarria da. Betidanik izan dut entrenatzaile lanak egiteko gogoa. Nire jokalariei eskatzen diedana niri eskatu izan didate entrenatzaileek. Gazteagoa nintzenean ez nion garrantzirik ematen. Orain konturatu naiz inportanteak direla. Asko ematen didate jokalariek, eta, hain zuzen, horrekin geratzen naiz.

Psikologo lana egiten duzu eurekin?

Motibazio lan handia egin behar izaten dut. Adin zailean dauden jokalariak dira, kontzentratuta egoteko arazoak izaten dituzte eta jarrera asko landu behar dute. Euren entrenatzailea baino askoz gehiago izan gurako nuke: triste edo pozik daudenean, arazoren bat dutenean...

Hizkuntza erronka izango zen zuretzat...

Hizkuntza eta beste hainbat gauza. Familia eta lagunak Asturiasen utzita etorri nintzen 18 urterekin eta hori oso gogorra da. Hasieran, kosta egin zitzaidan, baina esfortzu berezia eginda ondo integratu naiz.

Ikasketak bukatuta Asturiasera itzuliko zarra?

Ez daukat garbi, baina SHEE bukatu ostean Enpresagintza ikasi gurako nuke. Badaukat pentsatzeko denbora. [Barre]

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak