Aritz Gordo: "Bakarrik egiten ditudan saioetan gertuagotik ezagutzen dut kirolaria"

Xabier Urtzelai 2014ko ots. 28a, 06:00

Aritz Gordoren (Arrasate, 1980) erretratuak geroago eta oihartzun handiagoa izaten dabiltza. Bai bailaran, eta baita sare sozialen bitartez Debagoieneko mugetatik haratago ere: "Sekulako tresna dira sare sozialak, ondo aprobetxatzekoak", diosku. Paisaiak ateratzeko zaletasuna du: "Gurean industria bai, baina parajeak ere ederrak ditugulako", baina akaso, kirol argazkietan nabarmendu da gehien. Erretratuetako protagonista gehienak gurekoak dira, eta ez, argazki horiek ez dira edozein momentutan ateratakoak. Ondo zaindutako prozesu baten emaitza dira, denak.

Zergatik kirol argazkiak?

Kirolzale amorratua naizelako. Gainera, edozein kirol dut gustuko, hankan lesio bat izaten badut, lasai, zaletuko naizela beste zerbaitetara [Barre].

Erretratu batzuk kirol hitzorduetakoak dituzu: lasterketak, partiduak... Berezienak, baina, aparte egiten dituzun sesioetakoak dira.

Kirol hitzorduetara joaten banaiz, gehienetan, beste argazkilari batzuekin egotearren izaten da, eurekin berba egin, esperientziak partekatu, eurengandik ikasi… Baina bai, gusturago ibiltzen naiz aparte egiten ditudan sesioetan, kirolariaz hitzordua egin, egin nahi dudana azaldu, eguna aukeratu, pertsona ezagutu….

Eguna aukeratzea diozu, ez dira bat-batean egindako erretratuak.

Ez, ez, eta jendeari kosta egiten zaio ulertzea [Barre]. Norbaitek esaten didanean arratsaldean gera gaitezkeela erretratu batzuk egiteko ezetz esaten diot, ez bada egun aproposa. Argazkilaritzan argia funtsezkoa da, eta harekin jolastea gustatzen zait. Goizean goizeko argia, arratsaldeko azken orduan egoten dena, kontraste handiko zerua egon dadila, lainoekin… Detaile horiek zaintzea gustatzen zait, eta baita, noski, argazkia non atera ere. Esaterako, bizikletako salto eder baten atzean elektrizitate kableak ikusten badira, bada, ez dit balio.

Pazientzia handia behar da, baina, horretarako. Eta denbora izatea.

Bai, behin baino gehiagotan utzi behar izan dugu sesioa bertan behera, eta tabernara joan trago bat hartzera. Gaur ez da egun aproposa, eta kitto. Hori du hau guztia zaletasun moduan hartzeak, presarik barik lan egiteko aukera ematen duela, ez dudala aste amaierarako lan bat entregatzeko beharrik.

Erretratuetan azaltzen direnak, aspaldiko ezagunak dira?

Asko ez, argazkilaritzaren bitartez ezagutu ditut. Esaterako, Markel Uriarteren berri Goienan izan nuen, eta kasualitatez ondoren gure lantegian hasi zen praktikak egiten. Iñaki Uribe-Etxebarria, berriz, mendi lasterketak jarraitzen ditudalako ezagutu nuen. Sailkapenean aurrean ibiltzen den horietakoa da, eta mendiko lasterkari bat behar nuen buruan nituen erretratu batzuk ateratzeko. Gero, Nothing Without-eko lagunen bitartez ere hainbat saio egin ditut, skatekoak, Xabi Abasolorenak...

Zeuretako erretratuak dira, zaletasun hutsa da.

Bai, bai. Lagun horiekin hartu-eman berezia izaten dut. Eurek euren denbora eskaintzen didate nik nahi dudan gauza bat egiteko, eta trukean, erretratuak oparitu egiten dizkiet gero. Horregatik diot elkarri ematen diogula zerbait. Bada, norbaitek erretratuei esker babesleren bat edo laguntzaren bat lortzen baldin badu, bejondeiola! 

Ez duzu profesional modura jarduten hasteko tentaziorik?

Ez, ez… Benetan. Kirol argazkilaritzak ez du dirurik ematen, ez bazara Red Bull taldeko argazkilari bat. Oso gutxi daude bertatik bizi direnak, argazkilari mordoa dagoelako, eta lanbidea oso txarto baloratuta dagoelako. Profesionalak diren lagunekin egon naiteke egun baten Mundakan surf-eko erretratuak egiten, eta hurrengo egunean bataio batekoak atera behar dituzte, edo ezkontza batekoak. Bestela, ezinezkoa da hilabete bukaeran soldata duin bat izatea.

Onartu behar duzu, baina, bideoak ere indar handia daukala. Vimeon zintzilikatu dituzun bideoek ere arrakasta izan dute.

Bai, argazki bakoitzaren atzean dagoen istorioa azaldu dut bideo horietan, zelan ibiltzen garen... Eta jendeak gustuko ditu. Akaso,istorio bat kontatzeko baliagarriagoa da bideoa, argazkia momentu batean ikusi eta azkar nekatzen garelako. Irudi asko kontsumitzen dugu egunero, eta daukan balioa galtzen du. Aurten bideoari garrantzia handiagoa eman nahi diot.

Estibalizko santutegian "Elurretako erretratuak ateratzeko eguraldiari begira egoten gara adi-adi, ordurako aukeratuta izaten dugu-eta erretratuak non atera nahi ditugun".

'Rayo' eta Ikerrekin "Pertsona bat baino gehiagorekin lan egiteko gogoa nuen [Landan egindako erretratuak dira]. Furgonetatik atera nizkien asko, eta behe-lainoa sartu zenean egin genituen hauek".

Iñaki Uribe-etxebarria "Nahikoa lan artista hau harrapatzeko! Hemen baino denbora gehiago egiten du Pirinioetan. Iñakik oso gustuko du Kurtzebarriko tramu hori; ekaitz lainoak zetozela aprobetxatu genuen".

Markel uriarte "Sesio honetan arratsaldeko azken argiekin lan egin nahi nuen, eta urtaro horretan basoak duen kolorea aprobetxatu. Antzuolan egindako erretratuak dira; arratsalde borobila izan zen".

Josu eta Iñaki Viejo "Bi hauekin ederto moldatzen naiz, beti gauza berriak egiteko gertu! Besaidetik Anboto hartu nahi nuen, baina zerbait berezia eginda. Gutxi behar izan zuten baietz esateko!".

Xabi Abasolo "Araban egindako saioa. 06:30ean irten ginen lokalizazio berriak bilatzeko gertu, eta kilometro batzuk egin ostean 10:00etan lanean ari ginen. Zorionez, argia oraindik ez zen gogorregia".

  • Aritz Gordoren argazki galeria, hemen.
  • Hainbat bideo ditu hemen

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak