Gizarte alorrari lotutako hainbat gai aztertuko dira workshop-ean, negozio berriak garatzeko aukera-eremuak identifikatzeko helburuarekin. Eskolako irakasle ikertzaileak ez ezik, hainbat enpresa ere bertaratuko dira. Aztergai den eremua zabala denez, orotariko gaiak bilduko dira bertan: osasuna, aldaketa demografikoa eta ongizatea; elikagaien segurtasuna eta nekazaritza iraunkorra; energia ziurra, garbia eta iraunkorra; garraio adimentsua, berdea eta integratua; eta gizarte hausnartzaileak, esate baterako.
Lau hitzaldi izango dira, goizean zehar:
- Gizarte Teknologia Sustatzeko Elkarteko kide Adriana Martinezek Gizarte-teknologia, garapen sozioekonomikorako aukera izeneko hitzaldia eskainiko du. Biziraupena, desgaitasuna edota zahartzaroa bezalako arazoei irtenbidea eskaintzera bideratutako ezagutza zientifiko eta teknologikoen berri emango du.
- Jarraian, H-Eneako Txabi Gorritxategiren txanda etorriko da. ETXETIK abiatutako eguneroko bizitzaren ikuspegia izenburupean, esparru horretan erabiltzen diren produktu teknologikoen gaiari helduko dio.
- Hurrengo hizlaria Gureak Taldeko Jon Ander Arzallus izango da, Desgaitasuna duten pertsonen eguneroko bizitzako gizarte-erronkak izeneko hitzaldiarekin.
- Amaitzeko, MUko Goi Eskola Politeknikoko irakasle ikertzaile Asier Aztiriaren txanda izango da, Pertsonen eguneroko bizitza osasunaren ikuspegitik: erronkak eta aukerak hitzaldiarekin.
Aukera-eremuen identifikazioa
Atsedenaldiaren ondoren, parte-hartzaileek pertsonen eguneroko bizitzari lotutako zerbitzu, produktu eta negozio-eredu berrietarako aukera-eremuak identifikatu eta horiek gauzatzeko lan egitaraua zehaztuko dute. Goi Eskola Politeknikoko ikasleek garatu beharko dituzte ondoren aukera horiek, seihilekoko proiektuen bidez. Horrez gain, jardunaldiko ideiarik hoberena aukeratuko dute, ideia finalisten artean.
Behin workshop-a amaituta, enpresa partaideek Masterrean garatutako prospektiba-proiektuen emaitzak eskuratu eta negozio berriak sor ditzaketen ekimenak artikulatzeko aukera izango dute.
Parte hartzeko
Workshop-ean parte hartzeko izena ematea beharrezkoa da. Interesatuek mezu bat bidali behar dute ondoko helbidera: jganzarain@mondragon.edu.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko Departamenduak diruz lagundutako Kimuberri proiektuan txertatzen da jardunaldia.