Ander Rodriguez: "Ez dugu murrizketa bat bera ere aplikatuko, esfortzua eskatu arren"

Oihana Elorza Gorostiza 2014ko ots. 19a, 12:00
Ander Rodriguezi otsailaren 4an ateratako argazkia, Arrasateko Herriko Plazan.
Zer-nolako laguntzak ditu Aldundiak mendekotasuna duen herritar batendako? Murrizketek izan dute eragina Gizarte Zerbitzuetan? Ander Rodriguez (Arrasate, 1982) Aldundiko Gizarte Zerbitzuetako diputatuarekin argitu gura izan ditugu galderak.

Krisi garai honetan, Gizarte Zerbitzuen Sailak jasotzen duen eskaera kopurua igo egin dela entzun dugu sarri. Egia da? Zenbateraino da hori horrela?

Normala denez, krisiaren eragina nabarmena da Gizarte Zerbitzuetan. Eskaera nagusia diru laguntzatara bideratzen da, bai udal eta bai foru esparruan. Horrez gain, beste era bateko beharrak ere gorantz doaz, batez ere Gipuzkoaren zahartzearen ondorioz.

Hori dela eta, bai diru laguntzetan eta bai zerbitzuetan eskaera igo egin da, baina diru laguntzetan gehiago: udalek kudeatzen dituzten Larrialdietarako Laguntzetan, Aldundiaren Diru Sarrerak Bermatzeko Laguntzan, eta baita ere orain gutxitik Lanbidek kudeatzen dituen laguntzetan ere.

Nork egiten ditu eskaerak? Zein da eskatzailearen profila?

Beharraren araberakoa da profila. Gizarte Zerbitzuen jarduna hiru esparru nagusitan garatzen da: mendekotasuna, babesgabetasuna eta gizarte bazterketa, bai egoera horietan dauden pertsonei arreta emanez eta baita egoera horietan egoteko arriskuan daudenei ere. Ez dago profil konkreturik. Eskaerak egiten dituztenak dira: autonomia mugatuak eragindako premiak dituzten pertsonak; ahalmen urritasunekoak; buruko gaixotasuna dutenak; babesgabetasun egoeran dauden adingabeak; bazterketa eta marjinazio egoeran dauden pertsonak eta indarkeria matxistaren biktimak. 

Zer-nolako laguntza eskatzen dute herritarrek?

Era askotakoak: mendekotasunerako zerbitzuak, zentroak eta diru laguntzak; Kotizatu Gabeko Pentsioak; Gizarte Larrialdietarako Laguntzak; desgaitasuna duten pertsonentzako zerbitzuak...

Foru Gobernu honek argi utzi du, hasiera-hasieratik, murrizketen aurka dagoela eta ez duela inola ere murrizketa bakar bat ere aplikatuko Gipuzkoan, horrek Diputazioaren diru-kutxarako sekulako esfortzua dakarren arren.  Izan ere, mendekotasuna duten pertsonei arreta eskaintzea proiektu estrategikoa da Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat. Laguntza Pertsonaleko Prestazioaren kasuan, gainera, Diputazioak II. graduan eta I. graduko bigarren mailan baloratutako pertsonek ere diru laguntza hori kobratzeko eskubidea izango dutela bermatzen duen neurria onartu zuen.  Izan ere, ia 12.500 gipuzkoar mendekotasun maila horretan baloratuta daude, eta, modu honetan, aurten diru laguntza berri hauetaz baliatu ahalko dira zaintzaileak kontratatzeko. 

Zer-nolako laguntza ematen die Aldundiak?

Zerbitzu hauek: adinduentzako eguneko zentroak eta egoitzak; desgaitasuna duten pertsonentzako eguneko zentroak eta egoitzak; buruko gaixotasuna duten pertsonentzako eguneko zentroak eta egoitzak; bazterketa eta marjinazio-egoeran dauden pertsonentzako eguneko zentroak eta egoitzak; indarkeria matxistaren biktima izan diren emakumeentzako egoitza zentroak; aldi baterako egonaldiak eta autonomia sostengatzeko zerbitzuak: bizimodu independentea, laguntza teknikoak. Prestazio ekonomikoak ere badaude: gizarteratzeko prestazioak; familia inguruneko zaintzetarako zein profesionalak ez diren zaintzaileei laguntzeko prestazio ekonomikoa; laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa eta zerbitzuari lotutako laguntza ekonomikoa.

Laguntza horiek nori eman, nola erabakitzen da? 

Laguntza bakoitzak du bere araudia, baina, normala denez, beti beharren balorazio bat egiten da. Horrek erabakitzen du egoera bakoitzaren lehentasuna, eman beharreko laguntzaren zenbatekoa, eskaini behar den zerbitzuaren intentsitatea… Telefono bidez edo etxera joanda egin daiteke.

Medikuak egiten ditu balorazio horiek? 

Mendekotasunaren kasuan, ia beti bakoitzaren etxean egiten da balorazioa, pertsonaren inguruak daukan eragina kontuan hartu ahal izateko. Balorazioak egiteko talde tekniko bat dauka Aldundiak eta bertan, medikuez aparte, erizainak, psikologoak, fisioterapeutak eta terapeuta okupazionalak daude. Balorazio bat eskatzen denean, herritarrak aurretik bere Osasun Txostena aurkeztu behar du, eta txosten horren informazioaren arabera erabakitzen dugu zein profesional mota joango den etxe bakoitzera. 

Euren etxean bizi gura dutenek, esaterako, zer-nolako laguntzak dituzte? 

Mendekotasuna edo desgaitasuna duten pertsonez ari bagara, hauek dira laguntza nagusiak: etxeko laguntza zerbitzua, eguneko zentroak, etxea egokitzeko laguntzak, laguntza teknikoak, zaintzaileak arnasa hartzeko zerbitzuak, zaintzaren kostua arintzeko diru laguntzak.

Laguntza ekonomikoak dira? Ala teknikoak? (beharrezko dituzten tresnak, garabiak, ohe bereziak ...) 

Bi eratako laguntzak daude. Laguntza tekniko edo tresnei dagokienez, Aldundiak berak baditu maileguan ematen dituen tresnak, eta bestelakoetan diru laguntzak ere badaude. Zaintzak dakartzan kostuak arintzeko laguntzek ere oso garrantzi handia dute Gipuzkoan: ia 12.000 familiak jasotzen dituzte diru laguntza horiek gaur egun.

Laguntzak, mendekotasuna duenarendako eta zaintzailearendako, biendako izaten dira?

Laguntza gehienak mendeko pertsonaren izenean daude. Beste kontu bat da onura handien zeinentzat den. Adibidez, eguneko zentroen, aldi baterako egonaldien edo mendekotasuneko diru laguntzen kasuan zaintzailearen bizi kalitatea hobetzea helburu zuzena da.

Zer egin behar du herritarrak horiek lortzeko, eskatzeko? Nora jo behar du? 

Beti bere herriko udal gizarte zerbitzuetara jo behar du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak