Hanka onarekin itzuli da Zuhaitz Feria Arrasatera

Goiatz Arana Begiristain 2014ko ots. 15a, 17:50

Jende dezente erakarri du, ohitura zaharrak berreskuratuz, Arrasaten egin den Zuhaitz Feriak. Ikusteko baino gehiago erosteko feria da, gainera, eta joandako jendeak erosi egin du. Izandako mugimenduarekin, gustura azaldu dira saltzaileak; eta berdin erosleak ere, Zuhaitz Feria berreskuratzea oso ideia ona izan dela esanez.

Seber Altuben egitekoa zen Zuhaitz Feria Mondragones kalean, Azoka Plaza gainean, egin da azkenean, haizete arriskua zela-eta. Baina toki-aldatzea ez da traba izan. Goiz osoan zehar, mugimendu polita eta dezente salerosketa izan dira. Jende gaztea, nagusiak... askotarikoa ikusi dugu zuhaitz landareak ikusi eta erosten. Baserrirako generoa erosi dute batzuk, etxeko balkoirako beste batzuk... gero eta gehiago baitira etxeko balkoia aprobetxatuz edo lur-sail txiki bat landuz kontsumo propiorako fruta eta barazkiak ekoizteko apustua egiten dutenak.

"Oso ideia ona"

Lehen sektorea indartzeko, eta bertako eta sasoiko produktuen alde egiteko berreskuratu du Zuhaitz Feria Arrasateko Udalak, eta ekimenak harrera ona izan du; herritar bat baino gehiagori entzun diogu esaten oso ideia ona izan dela: "Horrela jarraitzen badu, datorren urtean ere etorriko naiz; beti egoten da zerbaiten falta", azaldu du Felipe Bengoa aretxabaletarrak. "Nafarroara joateko ohitura daukat, baina oso ondo deritzot ohitura berreskuratzeari. Franbuesa landare bat erosi dut momentuz eta zuhaitzen bat ere nahiko nuke; lehen ere baditut fruta-arbolak, baina gustatzen zait aldatzea ere", kontatu digu, berriz, Arrasate bertako Espe Irasuegik.

"Erakusleiho" eta guzti

Eta herritarrei gauzak errazte aldera, izan da erakusleiho moduko bat egokitu duen mintegirik ere; horixe izan da, esaterako, Gatikatik etorritako Lorea Bilbaok egindakoa: "Salgai ditugun zuhaitz landareek ematen dituzten frutak jarri ditugu ikusgai mahai gainean, jendeak ideia bat har dezan –ze tamainatako fruta ematen duten, ze itxura duten...– eta eskertzen dute. Jendeari asko begietatik sartzen zaionez, gainera, laguntzen du; generoa ikusiz gero, hobeto eta errazago erosten da", zihoen.

Fruta-arbolak, koniferoak, landare autoktonoak, fruta txikiak.... egon dira salgai, baina sagarrondoek eta madariondoak saldu dira ondoen, horiek direlako zonalde honetan "ondoen" ematen dutenak, Lorea Bilbaoren esanetan.

Garairik onena

Oraintxe da landatzeko garaia; eguraldiak uzten digunean eta lurra apur bat sikatzen denean izango da garairik onena. Generoa etxeratuta, baldintza horiek noiz beteko zain egotea baino ez da geratzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak