"MCCren eredu kooperatibistak" dagoeneko ez du "balio" eta "zalantzan" ipini behar da, Ordaindu elkarteko ordezkari Mikel Olaberen esanetan. "MCC elkarrizketara bultzatzea oso garrantzitsua" dela gehitu du, eta "kaltetu guztiek (Ordaindu, Grumal...) elkarrekin modu antolatuan borrokatuta, helburuak lortu" daitezkeela.
Grumaleko ordezkaritza batek bat egin du, hain justu, Ordainduk deitutako mobilizazioarekin. 146 familiari eragiten die Grumaleko auziak. Grumaleko komiteko lehendakari Patxi Isasmendik hartu du hitza, euren izenean: "MCCk ez gaitu bileretan hartu. Asko hitz egiten da taldeaz eta Fagorrez, baina politikariei buruz hitz egiten hasteko ordua da". Ildo horretatik, kaltetu guztiek Gasteizen makromanifestazio batean elkartzeko nahia azaldu du, "Eusko Jaurlaritzaren inplikazioa funtsezkoa" delako.
Batzorde Iraunkorrarekin, laster
Bestalde, Ordaindutik jakinarazi dute otsailaren 13an Mondragon Taldearen Batzorde Iraunkorrarekin batzartuko direla, eurekin taldeak "zorretan dituen produktuak" bueltatzeko irtenbide esperoan. Batzar hori Txema Gisasolarekin ziren egitekoak; haren dimisioaren ostean hitzartu dute otsailaren 13ko batzarra.
"Protesta giroan" egingo dute egun horretan ere Mondragon Taldearen egoitzarako bidea: 15:00etan elkartuko dira Bolintxon, elkarrekin egiteko gorako bidea. Behin egoitzara ailegatuta, barrura sartuko dira bileran esku hartuko dutenak, eta gainerakoak behera itzuliko dira.
Euren lokalean, gaur
Era berean, iragarri dute gaur arratsaldean Arrasate pasealekuko lokalean egongo direla (Gautenaren lokalean), 16:00etatik 18:00ak arte, "zerbait ekartzeko dutenei edo kontsultaren bat egin gura dutenei arreta eskaintzeko".
Komunikatua
Ordaindu elkarteak Mondragon Taldearen egoitzan entregatu duen komunikatua, osorik:
"MCC-KO IRAUNKORRARI
Bi hilabete dira jada Txema Gisasola, Mikel Zabala eta Arantza Laskurainekin elkarrizketa bat izan genuenetik. Hilabete barru berriz biltzeko akordiora iritsi ginen eta, Gabonak pasa ondoren, Iraunkorrarekin harremanetan jarri eta urtarrilaren 24rako hitzordua eman ziguten.
Txema Gisasolaren dimisioa dela eta, bilera bertan behera gelditu zen eta Urtarrilaren 28rako Iraunkorrarekin beste premiazko hitzordu bat eskatu genuen. Iraunkorrak Otsailaren 13rako bilera berri batera deitu gaitu.
Txema Gisasolak, Mikel Zabala eta Arantza Laskurain (biak gaur egun Iraunkorraren partaide) aurrean zituela, gurekin biltzeko eta gure arazoari irtenbidea emango zion proposamen bat azaltzeko konpromisoa hartu zuen. Arazoa, kapital sozialen, merkataritza maileguen eta borondatezko ekarpenen nahitako ez ordaintze ilegalean baino ez datza.
Kooperatibako partaide edota partaide izandako pertsonak besterik ez gara. Behin eta berriz esan digute, eta jarraitzen dute esaten, kooperatibaren baitan, erabakiak dagokien guneetan, asanblada edota beste organo batzuetan hartu eta behar bezala jakinarazten direla. Guri ez ordaintzeko erabakia nun hartu zen jakitea nahiko genuke. Oinarrizko hastapenak ditugu ziurtatzeko, zuzentzen garen organoak, beste batzuekin batera, ardura zuzena izan zuela gure produktuen ez-ordaintzean, Fagor etxetresnak hartzekodun lehiaketan sartu aurretik eskatu genituenean.
Jokatze era horretan ardurak daudela nabaria da, gure lantalde juridikoarekin aztertzen ari garenak eta modu objektiboan hartu daitezkeenak.
Borrokan jarraitzeko asmoa dugu, mobilizazio bitartez, zor zaigun ordainketa burutu arte. Jarrera kooperatibistak, ordea, negoziaziora eta bidezko erabakietara bultzatzen gaitu. Horregatik, gainontzeko bide guztiak agortzea nahi ditugu. Zuekin biltzea nahiko genuke, elkarrekin konponbide posible guztiak aztertzeko. Bistakoa da, ordea, presa dugula; ez-ordaintze horien atzetik dauden egoera tamalgarriek eskatzen duten presa. Gainera, bidezko eskakizun bat dela deritzogu.
Lehenbailehen elkarrizketa gune baten baitan elkartuko garelakoan,
Arrasaten, 2014ko Otsailaren 6an".