Nola ikusten duzu eskalada Debagoienean?
Azkenaldian, askoz jende gehiagok praktikatzen du eskalada. Geroz eta gazte gehiagok ematen du izena eskaintzen ditugun ikastaroetan. Gu hasi ginenean ez geneukan entrenatzaileak izateko aukerarik, eta praktikatzen zuen jende nagusiagoarekin hasi beharra zegoen. Orain, ordea, gazteek aukera daukate era formalean entrenatzeko. Orain dela gutxi Debagoiena Eskalatzaileak kluba sortu da Debagoienean, eta oso aukera ona da bertan izena eman eta eskalada praktikatzen hasi eta kirol honek eskaintzen duena jakiteko.
Non entrenatzen dira eskalada ikasten ari direnak?
Gaztetxoak rokodromoan hasten dira. Berez, politena mendian eskalatzea da, nire ustetan, baina mendian eskalatzen hasteko jakintza minimo batzuk behar dira. Gazteak bakarrik ezin izango lirateke mendira joan, arriskutsua izan daitekeelako. Esperientzia jakin bat duen talde batekin joan beharra dute, sokak jartzeko, argibideak emateko...
Gutxi gorabehera, zenbat ume entrenatzen dituzu zuk?
Nik 6 eta 10 urte bitarteko haurrak entrenatzen ditut Aretxabaletako kiroldegiko rokodromoan. Hamar laguneko taldea osatzen dugu eta oso pozik nago haiekin. 10 urtetik gorakoak beste batek entrenatzen ditu. Oñatiko eta Arrasateko rokodromoetan ere ibiltzen dira neure lagunak, beste gazte batzuk entrenatzen. Orokorrean, gogotsu eta pozik etortzen dira. Hori da, azken batean, umeekin lortu nahi dugun helburu nagusia. Eskalada egiten ikasi bai, baina ondo pasa dezatela nahi dugu, etorkizunean serio eta maila onean praktika dezaten, hain zuzen ere.
Nolakoak izan ohi dira rokodromoetako gazteen entrenamenduak?
Nik entrenatzen ditudanekin joko ugari egiten dugu. Esan bezala, helburu nagusia haiek eskalada praktikatuz ondo pasatzea da, eta halako edadeetan jokoen bidez ikastea izaten da onena, gure ustez. Zaharragoekin ere egiten ditugu jokoak. Hala ere, haiekin entrenamendu teknikoagoak egiten ditugu.
Ze aukera daukate gaztetxoek lehiatzeko?
Bada, 10 urtera arte guk antolatzen ditugun lehiaketetan parte hartzeko aukera dute. Ez dira ofizialak izaten, baina asko laguntzen dute euren motibazioak piztuta jarrai dezan. Geroago, 10 urtetik aurrera, Euskadiko Txapelketetan, herri lehiaketetan eta halakoetan parte hartzeko aukera dute. Izan ere, lehiaketa hauek serioagoak izaten dira. Aipatu beharra dago nesken parte hartzeak ere gora egin duela. Gero eta neska gehiagok ematen dute izena, eta alde horretatik ere pozik egotekoa da.
Gazteak entrenatzeaz gainera, lehiatu ere lehiatzen zara?
Ez naiz txapelketa askotara joaten. Orain dela urte batzuk askoz gehiago joaten nintzen. Orain, ordea, lehiatzeko baino gehiago, asko gustatzen zaidalako praktikatzen dut. Neguan, adibidez, rokodromoan ibiltzen gara, disfrutatu egiten dut. Baina eguraldi ona hasten denean kanpora joaten eta mendietako hormak eskalatzen hasten garenean disfrutatzen dut gehien. Ez du zertan txapelketa edo lehiaketarik egon. Eskalatzea soilik nahikoa da askotan, eta nor bere gorputzarekin lehiatzen da. Ederra da ikustea orain dela urtebete eskalatzen ez nuen harri bat nola eskalatzen dudan orain. Egia esan, txapelketa askotara irabazteko helburuarekin baino gehiago, beste toki batzuetako eskalatzaileak ezagutzera eta gauza berriak ikastera joaten gara. Kirol honek ez dauka futbolak edo saskibaloiak besteko zaletasunik gurean. Horregatik, pozik jartzen gara txapelketetan jende pila bat ikusten dugunean.
Zuek entrenatzaileak zarete, baina eskalatu ere egiten duzue. Zuen kabuz ala entrenatzaileekin ikasten duzue?
Ez daukagu entrenatzailerik. Baina antzeko adina daukagun taldetxo bat elkartzen gara, eta batak besteari asko irakatsi eta laguntzen dio. Leku askotara joaten gara batera. Neguan rokodromoan pasatzen dugu ia denbora osoa, baina eguraldi ona heltzen denean egun osoak pasa ditzakegu Araotzeko harrietan gora eta behera.