1. Lanera joateko iratzargailuak jo du. Zein da burutik pasatzen zaizun lehen gauza?
04:30ean jotzen du, eta egunaren eta lo egin dudan moduaren araberakoa da: astelehena gogorra izaten da. Baina ondo pasatzen dudanez, errazagoa da; gogotsu joaten naiz lanera.
2. Siesta ezinbestekoa izango duzu... Sofan eta telebistarekin, edo ohean eta pijamarekin?
Saiatzen naiz siesta botatzen, bestela... Goiz sartzen naiz ohera, 21:30erako, baina siestarekin hobeto. Normalean sofan eta telebista baxu-baxu jarrita lokartzen naiz.
3. Zapatuan 08:00etan mendira joatea proposatuko banizu?
Orain arte ez, baina orain hasi naiz lagun batzuekin kirola egin eta mendira joaten; animatuko nintzateke akaso. Ordutegia ez da arazoa, 08:00ak berandu da niretzat!
4. Goizean goizetik hain umoretsu egoteko aholkurik?
Ondo gosaltzea. Baina nire lankideekin erreza da, beti umorez etortzen dira-eta. Egun txarra izan arren, umore ona elkarri kutsatzen diogu.
5. Dida-n ehuneko zenbat da inprobisazioa eta zenbat prestatua?
Inprobisazioak garrantzia du, naturaltasunetik irteten da-eta umorea. Saioan ditugun gauzek beti dinamika bera dute; hori barneratuta dugunez, badugu berba egiteko eta inprobisatzeko askatasuna.
6. Zuri esker Arrasateko euskara ezagunagoa da Euskal Herrian.
Euskalkia erabiltzea eskaini zidaten: niretzat errazagoa da eta pozik nago. Gustuko dut irratian euskalkiak entzutea; uste dut jendeak ere baietz. Batuaz gain beste euskalki batzuk eskaintzea ona da.
7. Irratiaren anonimotasuna es-kertzen dute kazetari askok.
Bai. Arrasaten batzuek ezagutzen naute eta etortzen dira berba egitera; beti jarrera onarekin. Ez dakit zer izango litzatekeen jende guztiak nire aurpegia ezagutzea, baina gustura nago horrela.
8. Irratia izan duzu beti lehen aukera?
Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasten hastean, telebistako kamera atzeko lana gustatzen zitzaidan. Baina irratigintza ikastean, asko gustatu eta interesa piztu zitzaidan. Orain irratia dut gustukoena.
9. Goienan Telebegi ere idatzitakoa zara. Telebista ikusle amorratua zara?
Bai, txikitatik. El Intermedio asko ikusten nuen, baina orain berandu da niretako. Orain telesailen munduan sartuta nago; esaterako, Breaking Bad.
10. Txikitan ere, mikrofonoarekin imajinatzen ei zenuen zure burua, baina abeslari moduan.
Betidanik gustatu izan zait abestea, orain ere bai. Umetan gurasoei mikrofono bat eskatu nien eta karaokea-eta beti gustatu zaizkit.
----------
Makila magikoa baneuka: "Aspaldi honetan entzuten ari garen albisteekin gizarte honetaz apur bat nazkatuta nago, eta aurreiritzi gabeko gizarte bat sortuko nuke: zu zeu zaren bezalakoa izateko askatasuna ematen dizun gizartea, filosofia moduan bizitzea eta bizitzen uztea duena".