Luis Sagasta: "Artzamendiren omenez abestuko dugu biharko lehen kantua"

Zuriñe Velez de Mendizabal 2014ko ots. 3a, 17:01

Urtero legez, biharko egunez Santa Ageda abesbatzako kideak goizean goizetik arituko dira auzoz auzo eta kalez kale euren ahotsekin eguna girotzen.

Aspaldiko ohiturari eutsita, kalera irteteko eguna duzue bihar.

Hala da, bai. Desiratzen egoten gara eta horren erakusgarria da urtero gutxi gorabehera 70 lagun elkartzen garela. Horien artean, kantuan egiten dutenak, trikitilariak, txistulariak zein gaiteroak ere badaude.

Eta gazte jendea gerturatzen al da?

Ahal duten neurrian etortzen dira, bai. Ez da erraza lanarekin uztartzea, esaterako.

Egun luzea duzue aurretik, ezta?

Hala da. David Artzamendi oroituz hasiko dugu eguna, urte luzeetan Santa Ageda abesbatzak kantatutako lehenengo abestia berak zuzendu baitzuen, azken bi urteetan ezik. Hala, Parrokian elkartuko gara 08:00etan. Bere oroimenez zerbait egin gura genuen, eta polita izango da.

Eta gero, auzoetara.

Bi taldetan banatzen gara, Zigarrolara batzuk, Bedoñara besteak. Baserrietan zein ikastetxeetan kantatu ostean, udaletxean elkartzen gara (14:00) eskaileretan abesteko. Bazkaldu eta berriz kalera, Gesalibar, Uribarri eta San Andresera. Baina lasai, erdiguneko kaleak ere animatuko ditugu eta!

Zu zeu irteten hasi zinenetik gauzak asko aldatu al dira?

Ikaragarri. Lehen, 70eko hamarkada inguruan, jateko asko batzen zen kantuan eskean joaten ginenean: arrautzak, oilaskoak, untxiak, txorizoak... Dena dela, jasotzen zen guztia Arrasateko ospitalera eramaten zen. Orain ez da horrenbeste jaki jasotzen, orain dirua botatzen du jendeak.

Eta batzen duzuen dirua, Caritasi ematen diezue.

Jendeak diruz laguntzen jarraitzen du, nahiz eta azken urteetan krisiak eragina izan duen, eta zertxobait gutxiago jaso dugun. Ahal dena egiten dugu, baina gure helburua ohiturak mantentzea eta ongi pasatzea da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak