Antolatzaileek Emakume Txokoa baliatuko dute saio berezi bat egiteko; 1987an Jakin aldizkariko 45. alean Emakumea eta literatura monografikoa izango da oinarria. Ale hori aurrekaria izan zen euskal literaturan, genero ikasketa bultzatu zuen-eta, besteak beste.
Zer aldatu da azken 30 urtetotan?
Ale horretan idatzi zuten zenbait idazle eta ikerlari biltzea interesgarri iruditu zaie Sareinak taldekoei. Batetik, Jakin aldizkariko 45. alearen esperientziaz eta ekarpenez jarduteko –eta baita monografiko horren aitzakian antolatu zituzten ekimenak gogora ekartzeko ere–; eta bestetik, egungo egoeraren inguruko iritzia ere jasotzeko. Zer aldatu da azken 30 urteotan?
Gipuzkoako "epizentroa"
Sareinak taldearen VII. urteurreneko ospakizuna izango da gaurko hitzaldia. Urtero-urtero toki esanguratsu bat aukeratu izan dute urtemuga ospatzeko, eta, oraingoan, Gipuzkoako epizentrora bidaiatu gura izan dutela eman dute aditzera elkartetik.
Mahai-inguru irekia
Gema Lasartek gidatuko du saioa eta gidoia gutxi gorabehera zehaztuta duen arren, mahai-inguru irekia izango dela eman du aditzera: "Parte hartzaile guztiok curriculuma potolatu dugu urte hauetan hauetan, eta badugu zer esana. Dena dela, 27 urte hauetan bakoitzak eginiko bidea azaltzeko aukera izango du, eta euren begietatik literaturak zer eman dien kontatzeko eskatuko diet, baita alderantziz ere."
Gazteei eta gizonezkoei deia
Lasartek gaineratu du gustatuko litzaiekeela gaurko berbaldira gazteak bertaratzea: "Oso modu berritzailean ari dira literatura lantzen gaur egun emakume gazteak, eta zer esana badutela iruditzen zaigu".
Horrez gainera, "emakumeak subjektu nagusi izango diren arren", gizonezkoek ere zer kontatu badutela iritzi diote Sareinak taldeko kideek, eta haiei ere egin gura izan diete parte hartzeko gonbita.