Joan den urte bukaeran, Zirkulazio Lege berriaren gaineko hainbat albiste atera ziren, baina oraindik ez dago indarrean.
Ez, prozesu bat dago. Estatuan, Bide-Segurtasun Batzorde bat dago, eta horrek lege eta arauetarako proposamenak egiten ditu, jendartean dagoen eskaera ere ikusita. Proposamen horiek Gobernutik eta filtro batzuetatik basa behar dira, eta gauza batzuk onartu egiten dira, eta beste batzuk, ez. Askotan irteten da telebistan-eta arau bat egin behar dutela, eta, azkenean, alarma soziala ere sortzen da, baina gero beharbada ez da aplikatzen.
Dena dela, aldaketa askotxo ez dira egiten zirkulazio arauetan?
Beti daude aldaketa batzuk. Oraingoan, azterketetan erabili beharreko ibilgailuetan aldaketa batzuk etorri dira, baina horiek ez dute jendearengan eraginik.
Aldaketa asko ez dira oso sakonak izaten. Hor, Bide-Segurtasun Legea dago, eta horren barruan, hainbat erregelamendu, eta erregelamendu horietako zenbait puntu aldatzen dituzte; adibidez, Ibilgailuen Erregelamendu Orokorrean egin dituzte azterketetako ibilgailuen gaineko aldaketak; eta beste gauza bat da Gidarien Erregelamendu Orokorra.
Lehen aipatu duzun alarma edo polemika hori piztu du, adibidez, ziklistek kaskoa beti eroateko derrigortasunak. Azkenean, badirudi bakarrik 16 urtetik beherakoek eroan beharko dutela.
Ni neu kaskoaren alde nago. Askok esango dute herri barruan bizikletan ibiltzerakoan gogaikarria dela, eta bai, badauka bere alde deserosoa, baina, nire iritziz, segurtasun elementu nagusia da; izan ere, ez da buruan kolpe handirik behar, kolpe hori larria izateko. Beraz, nire ikuspuntua da derrigorrezkoa izan beharko litzatekeela. Orain urte asko, profesionalek ez zuten kaskoa erabiltzen, eta gaur egun guztiz normala da.
Orain urte batzuk indar handia izan zuen 130 km/h-ko abiadura mugaren inguruko eztabaidak, eta oraingoan ere piztu da eztabaida hori. Zer diozu?
Abiadurak bere eragina du istripuetan, baina istripuetan faktore asko daude –seinaleztapena, autoaren mantenu txarra, errepidea…–, eta abiadura bat da, baina errua beti abiadurari botatzen zaio. Neurri baten, hala da; baina errealistak izan behar dugu: 120 km/h-ko muga 1974koa da, eta ordutik hona gauzak asko aldatu dira: automobilen segurtasun aldetik, errepide aldetik…Hemendik Bartzelonara joateak, adibidez, 120 km/h-ra ia barregarria dirudi. Nire iritziz, seinaleztapen dinamikoagoa eta malguagoa behar da; ahal den lekuetan eta baldintza onekin, 130 edo 140 km/h-ko abiadura normala iruditzen zait; gero, beste leku batzuetan 80 km/h-ra murriztu behar bada, euria delako, lainoa dagoelako… murriztu dadila. Azterketa asko daude, eta batzuek diote abiadura handiarekin istripuak larriagoak izango liratekeela; baina, bestetik, ohiko errepideetan izaten dira heriotzak dauden istripu gehienak, hiri barruan ere bai, oinezkoekin askotan…
Automobilen mantenua ere aipatu duzu, faktore gisa.
Krisiak alarma piztu du: urte onetan, automobil-parkea asko hobetu zen eta autoen batez besteko adina txikiagoa zen; orain, autoen salmentak asko jaitsi dira eta, urte gutxian, automobil-parkea zahartu egin da. 10 urte baino zaharragoak diren auto gehiago dago, azterketa teknikoa justu-justu gainditu duten automobil gehiago… Bigarren eskuko auto gehiago saltzen da orain, baina merkeenak saltzen dira ondoen, eta autoa dabilen artean, horrekin jarraitzeko mentalitatea du jendeak; baina autoa zaharragoa izango da, mantenu txarragoa izango du… eta horrek ere eragina du.
Debagoienean, jendeak, orokorrean, ondo gidatuko duela pentsatzen dut.
Bai, orokorrean bai, nahiz eta automata samar egiten garen denok. Egia da urteekin, gizartea aurrera doan neurrian, kontzientzia handiagoa dugula eta arinkeria gutxiago egiten ditugula. Orain 10 urte, estatuan, ia 5.000 hildako egoten ziren urtero errepideetan, eta iaz 1.200 inguru izan ziren; orain 10 urte, aurreikuspen onenetan ere ez zuketeen horrelako hobekuntzarik imajinatuko. Datuak hor daude eta lan ona egin da, baina lortu behar da hildako bat ere ez egotea; beti dago zer hobetu eta adi jarraitu behar dugu.
Albiste batek zioenez, adin batetik aurrerako gidariek bere burua birziklatu behar izango zuten laster. Ze irudituko litzaizuke?
Nagusi egiten garenean, erreflejoak eta gaitasunak galtzen ditugu. Jende asko horren kontziente da eta, adibidez, gauez ez du autoa hartzen, okerrago ikusten duelako; beste askori kosta egiten zaie onartzea. Beraz, birziklatzea ondo dago, eta ez litzateke eskola piloa hartzeko kontua izan beharko, baizik eta etengabeko birziklatzea, lau arau kontuan izateko. Lehen, kamioi eta autobus gidariek bakarrik mediku-azterketa pasa behar zuten, eta orain, berriz, bost urtean behin ikastaroa egin behar dute.
Autoeskolei dagokizuenez, krisiak aldatu du zuen ikasle mota?
Bai. Lehen, 18 urte betetzerakoan, lehenengo gauza gida-baimena ateratzea zen; gaur egun, ordea, ez dago presarik. Horregatik, gure ikasleen adina pixka bat igo da eta 21, 22 edo 23 urterekin dator jendea. Krisiaren eragina dela uste dut, bai. Ez balitz krisirik izango, seguruenik jendea ikasten eta lanean egongo litzateke eta gida-baimena lehentasuna izango litzateke; baina, etxean egoteko, edo etxean bakarrik lan egiteko, ez dute behar eta dirua aurreratzea eta geroago ateratzea gurago izaten dute.
Askotan galdetuko zizuten, baina zergatik dago halako prezio alde handia gida-baimena leku baten edo beste baten aterata?
Leku askotan, kostearen azpiko prezioekin dabiltza, eta ia kendu ezin dena kendu dute, prezio-gerra baten sartuz. Hori jasanezin bihurtzen da. Adibidez, orain dela gutxi, Granadara autobusa antolatu zuten, eta Euskaditik 16 lagun joan ziren, gida-baimena ateratzera, eta bakarrik zortzi etorri ziren gida-baimenarekin. Gero, leku askotan tranpak egiten dituzte, eta, baimena atera ezean, penalizatu egiten dituzte ikasleak; eta hara joateak, han bizi izateak… ere koste bat dauka. Hemengo, inguruko autoeskolak elkar errespetatzen dugu eta bakoitza bere lanarekin eta kostuekin hor jarraitzen saiatzen gara, eta hortxe gabiltza. Ez da erraza. Ikasle kopurua ere askoz txikiagoa da, kintak txikiagoak direlako; orain 10 urte, Arrasaten 400 gazte zeuden baimena ateratzeko, eta orain, 150 bat.