Aitor Alcaide eta Ekaitz Mendizabal: "Pertsonalitate handia dauka xakeak; pieza bakoitzak zeregin berezia du"

Mireia Bikuña 2014ko urt. 29a, 00:00

Ekaitz Mendizabal eta Aitor Alcaide, xake partida bukatu ostean, bostekoa ematen.
Duela hiru aste hasi zuen liga txapelketa Arlutz-Arrasate xake taldeak. Lau talde dituzte lehian eta euren helburua da mailari eustea. Bi elkarteak batera lehiatzen dira, baina azpiegitura eta lan egiteko modu banandua daukate. Elkarte bakoitzeko kide batekin elkartu gara, denboraldiaren aurrerapena egiteko: Aitor Alcaide (Arlutz) eta Ekaitz Mendizabal (Arrasate San Andres).

Zer moduz hasi duzue liga txapelketa?

Aitor Alcaide: Iaz bezala, lau talde osatu ditugu eta lau mailatan lehiatuko gara: Euskadiko Ohorezko mailan, Gipuzkoako Preferente mailan, Gipuzkoako Lehen mailan eta Gipuzkoako Hirugarren mailan. Azken talde hori umeekin osatu dugu. Pozik gaude, lehiatzen lau talde dituen elkarte gutxi daudelako eta gu garelako horietako bat. Gros eta Zarautz dira besteak.

Ze helburu zehaztu dituzue aurtengo?

Ekaitz Mendizabal: Maila guztietan mantendu gurako genuke. Nagusien taldea Euskadiko Ohorezko mailan lehiatuko da. Iaz igo ginen Lehen mailatik Ohorezkora eta hor geratu gurako genuke. Baina ez da erraza izango. Maila horretan profesionalak diren jokalarien kontra lehiatu beharko dugu. Helburua, beraz, mantentzea da, eta, posible bada, gazte mailako jokalari bat taldera igotzea. Horretarako, Preferente mailan lan ona egin beharko dugu.

Bakarka ere lehiatzen zarete.

A.A.: Bai. Bi elkarteak elkartu ginen taldeka lehiatzeko. Indar handiagoa izateko eta talde indartsuagoa osatzeko. Baina bakarkako lehiak norberak aukeratzen ditu. Txapelketa asko antolatzen dituzte: egun batekoak, aste bukaerakoak, astebetekoak, Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak, Arrasateko Nazioarteko txapelketa…

Xakeak beti izan du tradizioa Arrasaten eta Aretxabaletan. Osasuntsu zaudete?

E.M.: Bai, kontuan hartuta duela urte batzuk elkarteak desagertzeko zorian egon zirela. Jende gutxirekin geratu ginen, baina aurrera egin genuen. Tradizioa dauka xakeak, baina hori sustatzeko lan handia egin behar da. Gu, zorionez, umeengana heldu gara eta horiek dira bi kluben etorkizuneko jokalariak. Zaindu egin behar ditugu. [Barre]

Nola erakartzen dituzue umeak xakera?

A.A.: Ikastetxe batzuetan txapelketak antolatzen dituzte eta Gipuzkoa mailan Kutxak antolatzen du beste bat, eskola mailakoa. Baina, normalean, etxean xakea ikusi dutenak datoz guregana. Xakean non joka dezaketen galdetzen dute eta badakite Arrasaten eta Aretxabaletan xake elkarteak daudela. Bat animatzen bada, lagunak ere animatzen dira. Boladak egoten dira. Aspaldian ondo gabiltza. Ezin gara kexatu eta lanean jarraituko dugu.

Zenbat lagunekin diharduzue lanean?

E.M.: Arrasaten 25 bat lagun gaude guztira eta Aretxabaletan 20 bat. Ez gara kexatzen. Garai gogorragoak bizi izan ditugu.

Badaukagu harribitxiren bat Arrasate-Arlutz taldean?

A.A.: Bai. Fran Miguel, Asier Etxagibel eta Juan Manuel Ruiz. Gazteen artean ere badaude pare bat nahiko onak. Xakearekin ez badira aspertzen, eta horretan guk zeresan handia daukagu, jokalari onak izango dira.

Zer dauka xakeak horren berezia izateko?

E.M.: Gustuko baduzu, kirol ederra da. Gustuko ez dutenek ez diote xarmarik ikusten. Adin guztiendako kirola dela esango nuke. Burua eta memoria fresko mantentzen laguntzen duena. 

Bestalde, kirol erakargarria da. Inoiz ez dakizu xake partida bat nola bukatu den. Argi egon behar duzu lehia osoan: kontrarioak ze jokaldi egingo duen zain, une bakoitzean zer pentsatzen duen asmatu guran, hurrengo jokaldian pentsatzen… Une batean despistatuz gero, partida galtzeko arriskua dago.

Xakeak pertsonalitate handia duen kirola dela esango nuke. Pieza guztiek pertsonaia ezberdinak irudikatzen dituzte eta guztiek dute euren betebeharra eta funtzioa. Gainera, balio asko lantzen ditu.

Adibidez?

A.A.: Batez ere, zintzotasuna. Partida hasi aurretik eta ondoren aurkariari bostekoa ematen diogu. Galdu ostean bostekoa ematea ez da erraza, baina xake jokalariok barneratuta daukagu arau hori. Irabazi edo galdu, zintzotasuna gailentzen da. Enpatia ere asko lantzen da. Balio hori oso baliagarria da egunerokotasunean.

Jokatzeko bai, baina ikuslearendako kirol erakargarria da?

E.M.: Gutxieneko arauak ezagututa, bai. Mus partida bat ikustea bezala da. Jokalarien alboan arauak ezagutu barik bazaude, aspertu egingo zara. Xakea kirol erakargarria da ikusteko eta jokatzeko. Zenbat eta gehiago jakin, orduan eta gehiago disfrutatzen da.

Xakea, taula eta piezak baino askoz gehiago da. Joko mota asko daude: erasoan jokatzeko aukera ematen duena, atzean sendo itxarotekoa, kontraerasora jokatzekoa… Adibidez, Gari Kasparovek eta Anatoli Karpovek lehia estua izan zuten urte askoan. Kasparovek erasoan jokatzen zuen. Eta Karpovek nahiago zuen atzean itxaron. Munduko onenak izan ziren.

Xake jokalari bakoitzak bere estiloa dauka. Milaka jokaldi dituen datu-base bat daukagu eta hor azter ditzakegu gure kontrarioaren jokaldiak.

Ezaugarri berezirik behar da xake jokalari izateko?

E.M.: Ordu asko eskatzen dituen kirola da. Askotan entzun dugu matematiketan edo kalkuluan onak direnak xakean onak direla. Hori gezurra da. Ikasketek ez dute zerikusirik xake jokalari ona izateko orduan.

Askok diote xakean kirolak, arteak eta zientziak bat egiten dutela. Ados gaude horrekin. Punta-puntako jokalari askok egiten dituzten jokaldietako batzuk artelanak dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak