Screamers and Sinners: "Psychobilly musika ohikoa ez den arren, harrera bikaina izan du diskoak, oraingoz"

Jagoba Domingo 2014ko urt. 28a, 12:00

Screamers & Sinners boskotea.
Psychobilly edo rock-and-roll psikotikoa delakoa Erresuma Batuan sortu zen 1980ko hamarkadan. 1970eko hamarkadako punk-rocka eta 1950eko hamarkadako rockabillya eskutik helduta doazen generoan, B motako zinemaren edo 1950eko hamarkadako beldurrezko filmen osagarriak ditu.

Gurean ez da gehien entzuten den musika, baina Screamers and Sinners boskoteak urte eta erdi daramatza soinu horien bozgorailu izaten. Punk-rock, rockabilly, country, surf edo rock-and-roll erritmoak irabiagailuan sartu, eta duela bi aste Demon Tales diskoa kaleratu zuten. Aurretik maketa bat Interneten jarri zuten entzungai, baina diskoarekin duen aldea nabarmena da. Oraingoan, saxoaren eta harmonikaren laguntzarekin disko indartsuagoa egin dute; eta gurean ohikoena ez den arren, harrera bikaina izan du taldeak orain arte. Taldearen eta diskoaren beraren gainean hitz egiteko, Karlote-rekin egon gara, kontrabaxu-jole eta abeslariarekin.

Alde handia dago maketaren eta diskoaren artean, ezta?

Bai; maketa bi egunean grabatu genuen. Berez, gure artean entzuteko zen. Diskoan, berriz, ordu asko sartu ditugu, maketako bost kantu eta beste sei berri ditu. Emaitza oso bestelakoa da.

Nolakoa izan da grabazioa?

Luze samarra izan da. Maiatz bukaera inguruan hasi ginen eta irailean amaitu genuen. Kontua izan da ez genuela guztiok jarraian grabatzeko aukerarik izan, eta hainbat buruhauste izan genituen. Kontrabaxua grabatzeko, adibidez, Txus Still-en laguntza izan nuen. Lehenengo, hiru mikrofonorekin grabatzen saiatu nintzen, baina, instrumentua pixka bat mugituz gero, soinua asko aldatzen zen; kontuan hartu behar da kontrabaxua anplifikadore barik grabatu ohi dela. Bigarrenean, mikrofono bakarra jarri nuen kontrabaxuaren zubian eta emaitza hobea lortu nuen.

Nire estudioan, Nekrosounds-en, grabatu genuen eta norberarendako grabatzeak alde onak eta txarrak ditu. Uda aurretik ia dena amaituta eta nahastuta zegoen; hala ere, irailean saxofoia eta harmonika grabatu genituen. Ahotsak grabatzeko ere arazo txiki bat izan genuen; eta Asier Salaren laguntza izan genuen.

Oraingoan, banjoa eta organoa sartu dituzue.

Bai; bi kantutan kolaborazioak izan ditugu. Organoa Txus Still-ek grabatu zuen Evil Trashmen kanturako; giro iluna ematen dio. Eta banjoa Jul Bolinagak grabatu zuen; Little Jim kantua, hain zuzen, country baldarraren bueltan dagoen abestia da, eta hasieratik banjoa ondo geratuko zela pentsatu genuen. Ba, horrela izan da.

Beraz, diskoarekin pozik? 

Bai. Hala ere, entzunaldi bakoitzean, hobetu egin daitezkeen detaileak ikusten ditut. Hori, baina, normala izaten da. Orokorrean, gustura geratu gara. Masterizazioa Ibon Larruzearekin egin genuen Bilbon duen estudioan eta emaitzan zerikusia duela uste dut.

Laukotea boskote bihurtu da.

Bai, Ibai errekrutatu dugu eta kantuei beste indar eta kolore bat eman die.

Demon Tales diskoa duela bi asteburu aurkeztu zenuten. Zelako harrera izan du?

Nahiko ona, egia esan. Asteburuko kontzertuetan 50 disko inguru saldu genituen eta dagoeneko taberna batzuetan jarri ditugu salgai. Diskoa, berez, abenduan heldu zitzaigun. Berlingo Clash tabernako urteurrenerako eraman genuen. Garrantzitsua iruditu zitzaigun behin Berlineraino joanda diskoa ere eramatea, eta han hogei bat disko saldu genituen; beste horrenbeste utzi genituen lagunen tabernan. Hemen, ordea, kontzertuak egin ahal izan arte itxarotea erabaki genuen, eta nahiko ondo irten dela uste dugu.

Aurrerantzean kontzerturik?

Lan horretan ari gara buru-belarri. Data kontuekin nahiko estu gabiltza, baina aukera dagoenean jotzeko asmoa dugu. Oraingoz, otsailerako Zumaiara goaz The Potes-ekin batera, eta Elorrion eta Bergaran zerbait lotzeko lanean gabiltza. Martxoan Helldorado aretoan joko dugu Bastards on Parade galiziarrekin batera; eta ekainean Hernanin Los Temblores Irungo rockabilly taldearekin eta Bartzelonako Los Brioles talde mitikoarekin. Pixkanaka-pixkanaka, baina bagoaz aurrera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak