"Euskal Hamlet-aren" ametsa, domekan Amaian (elkarrizketa Ander Lipusekin)

A. Aranburuzabala / Z. Velez de Mendizabal 2014ko urt. 23a, 16:10
Euskal Herrira eta XXI. mendera ekarritako 'Hamlet' da Artedrama taldeak domekan Arrasatera ekarriko duena. Arrasate Irratian egin diote elkarrizketa gaur Ander Lipus aktoreari, laneko antzezleetako bati. Sarreren zozketa ere egingo dute Irratian. Bi lagunentzako sarrerak zozkatuko dira, bihar, barikuan. Parte-hartzeko idatzi 'irratia@goiena.com'-era ala 943 25 05 05 telefonora deitu.

William Shakespeare idazlearen obra famatua da Hamlet, eta domeka honetan, urtarrilak 26, Amaia antzokian Artedrama taldearen bertsioa ikusteko aukera egongo da.
Xabier Mendigurenek egokitu du gidoia eta Ximun Fuchs da antzezlanaren zuzendaria. Antzokiko publikoaren aurrean, ostera, zazpi aktore izango dira: Ander Lipus, Ainara Gurrutxaga, Manex Fuchs, Maika Etxekopar, Iñaki Ziarrusta, Miren Tirapu eta Urko Redondo.
Eta horietariko bakoitzak, gainera, bakarra barik, lauzpabost pertsonaia interpretatzen ditu Hamlet lanean.

Antzerkia gustuko dutenentzat

"Jatorrikoaz gainera, munduan hainbat Hamlet egon dira, moldaketa ugari egin dira-eta. Eta euskal Hamlet egiteko ideia egia bilakatu da". Hala eman du aditzera Ander Lipusek. "Nolakoa izango litzateke gaur egun Euskal Herrian kokatutako Hamlet?". Ideia horren bueltan moldatutako antzezlana da Amaiara ekarriko dutena.
Antzerkia gustuko dutenentzat aukera bikaina da domekako emanaldia. Argumentu nagusi bati jarraituko dio, gainera: 'bidegabekerien aurrean zer egin, ekintzara pasatu ala ez?'.


Baina Lipusek aitortu duenez, azpigai garrantzitsuak ere baditu domekan Arrasatera ekarriko duten lanak. Traizioak, familiak eta eromenak ere tokia dute antzezlanean. "Nahiz eta gai transzendentalak jorratu, publikoak oso ondo pasatzen duela argi ikusi dugu, orain arteko emanaldiek izan duten erantzunagatik".

Euskalkiak entzungai

Eszenografia aldetik nahiko sinplea da Hamlet; aipatutako zazpi aktoreen esku geratzen da ikus-entzulea hainbat egoera eta tokitara eramatea. "Aktoreon gorputz mugimenduarekin, ahotsarekin eta keinuekin egin behar dugu lan hori". Bada, Lipusek gaineratu du ikus-entzuleek eskertu egiten dutela aktore horiek Euskal Herriko hainbat lekutakoak izatea eta, era berean, euskalkian berba egitea. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak