Agur Kanadako Mondragoni

Leire Kortabarria 2014ko urt. 24a, 00:00
Mondragon kafetegia, Albert Street-en.
Oraingo astean Winnipeg-en bazaudete, bertako Mondragon kafetegi eta liburu-dendan hegoaldeko erara frijitutako tofuaz gozatu eta %66ko deskontua duen libururen bat erosi ahal izango duzue. Baina zapatura arte bakarrik; egun horretan, Mondragon dendak ateak itxiko ditu betiko. Hori jakinarazi dute Winnipegeko komunikabideek.

Winnipeg Free Press hedabideak dioenez, hiriko ikur anarkista eta ezkertiarra izan da Mondragon. Izena ez datorkio kasualitatez; izan ere, enpresa kooperatiboa izan da. Baina azken urteak gogorrak izan dira negozioarendako, eta, 18 urteko ibilbidearen ondoren, agur esango die bezeroei: "Diru aldetik urte gogor pare bat izan ditugu. Uste dut jende asko triste dagoela eta konturatzen dabilela leku honek zer esan nahi izan duen", esan zion Winnipeg Free Press-ko Trevor Hagan kazetariari Cora Wiens-ek, jabeetako batek.

Gero eta kostu handiagoak

Komunikabide horrek gainbeheraren eta porrotaren zenbait faktore aipatzen ditu: gero eta kostu handiagoak, kale horretan gero eta oinezko gutxiago ibiltzeak eta beste kafetegi eta liburu-denda batzuen lehia. Horrek eragin garbia izan zuen Mondragonen negozioan, eta, garai baten 12 bat bazkide langile bazituen, orain bost bakarrik ditu.

Negozioaren berezitasuna azpimarratzen du Winnipeg Free Press-ek: "Mondragon zen Winnipegeko talde ez hierarkiko ezagunena; langileak berdinak ziren, lan guztia eurek egiten zuten eta ez zegoen buruzagirik".

Negozio-antolaketa horrek porrotean zerikusirik izan ote duen galdetuta, langileek ezetz esan dute. "18 urte asko dira negozio baterako, eta jatetxe baterako ere bai; berdin dio zelan dagoen antolatuta", esan dute.

Tradizio antifaxista 

Albert Street-en Autonomous Zone delako eraikinean egon da Mondragon. 1995ean sortu zen A-Zone, zenbait mugimenduk eta elkartek hiru solairuko eraikin bat erosi eta bertan ezarri zirenean. Bada, Albert Street dagoen Winnipegeko auzoak tradizio luzea du mugimendu ezkertiarren eta antifaxisten artean, 1919ko Greba Handia ezkero. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak