Osasun Karpeta: historiala eta txostenak eskura eta seguru

Leire Kortabarria 2014ko urt. 22a, 00:00

Debagoieneko ESIko ordezkari Carmen Jimenez, ordenagailuan Osasun Karpeta erakusten.
Gero eta zaharkituagoa dirudi pazientea, medikuarengana, norberaren historialetik ateratako paperekin joaten zeneko garaia. Ez zen batere arraroa paperen bat etxean utzi eta ezin informazio zehatza eman eta medikuarengana bueltatu behar izatea, norberak dokumentuak galdu izana eta dena atzeratzea eta antzeko gauzak.

Baina azken urteotako aurrerapenei esker, horrelako estanpak gero eta gutxiagotan ematen dira: medikuek formatu digitalean dituzte informe eta emaitza guztiak, eta pazienteak ia inoiz ez dauka lehen arretako medikutik espezialistarengana ezer eroan beharrik; horrez gain, osasun-txartela giltza antzeko bihurtu da, eta errezeta elektronikoa guztiz inplantatuta dago, paperezko errezetak kasu jakin batzuetarako erabiliz; eta medikuarekin egin beharreko kontsulta asko telefonoz egin daitezke, norberaren etxetik, behar duen guztia eskura duela.

Hori dena borobiltzera dator Osakidetzaren Osasun Karpeta, gure osasun-informazio guztia zentralizatuta eta eskuragarri ipini nahi duen zerbitzua. Osasun Karpetara honako webgunetik sar daiteke norbera: www.osakidetza.euskadi.net.

Dagoeneko Euskadi osoan 

Joan den urria ezkero, paziente bakoitzak bere historiala, proben emaitzak eta berari dagozkion beste dokumentu guztiak Interneten gorde ditzake, Osasun Karpetaren bitartez. Norbera bere osasun txartelarekin edo beste agiri pertsonal batekin sar daiteke Osasun Karpetara. Pertsonala eta pribatua da, eta bakarrik medikuak edo dagokion profesionalak eta erabiltzaileak ikus dezake Karpeta. Osakidetzako historialaz gain, norberak Osakidetzatik kanpo egindako mediku-txostenak igo ditzake karpetara, eta medikuarekin edo erizainarekin dauzkan hitzorduak ikusi eta kudeatu ditzake. Horiek dira Osasun Karpetaren funtzionaltasun batzuk. 

Proiektu gaztea da oraindik; lehenengo, Derion eta Abetxukon plan pilotua egin zuten, 200 bat herritarrekin, eta Euskadi osora zabaldu da orain. Baina, "oraindik hasieran" dagoen arren, agudo egin du aurrera, eta gaur egun, "ia funtzionaltasun guztiak ditu", Debagoienean Osasun Karpetaz arduratzen den Carmen Jimenez Debagoieneko ESIko ordezkariaren esanetan. Osakidetzak eskualdez eskualde jarri du martxan Osasun Karpeta, eta eskualde bakoitzean formazio-saioak eman ditu, langileek ikas zezaten. Urria ezkero, Debagoieneko osasun zentroek Osasun Karpetara sarbidea tramitatzen dute hala nahi duenarendako.

Debagoienean dagoeneko ia 100 lagun daude Osasun Karpetan alta hartuta, eta gero eta sarrera edo login gehiago daude sisteman. Osakidetzak eta, tartean, Debagoieneko Erakunde Sanitario Integratuak kanpaina egin zuen Osasun Karpeta ezagutarazteko, eta, aukera gehiago martxan jartzen diren neurrian, gero eta jende gehiagok interesa agertuko duela espero dute.

Azken lau urteotako datuak 

Debagoieneko ESIko ordezkari Carmen Jimenezek Osasun Karpetak gaur egun ematen dituen aukera guztiak azaltzen dizkigu: "Aukera nagusienen artean, hauek daude: txostenak eskuratzea, norberak txostenak igotzea, historia klinikoa QRn lortzeko modua eta norberaren historiala kontsultatzea".

Historialari dagokionez, momentu honetan farmakologia-historia (Osakidetzak norberari errezetatu dizkion botikak) eta txertoen historia kontsultatzeko parada ematen du Osasun Karpetak: botika-aginduak edo txerto-aginduak kontsulta daitezke, indarrean dauden tratamenduen orria deskarga daiteke, norberak hartu dituen txertoak ikusi… Hori bai, "ez dago historial kliniko osoa", ohartarazten du Jimenezek; izan ere, denbora batetik atzerako datuak ez daude digitalizatuta eta ez dira Osasun Karpetan agertuko. "Gutxi gorabehera, orain dela lau urtetik honako datuak agertuko dira", azaltzen du Carmen Jimenezek.

Osasun Karpetan dagoen informazioari mediku-konfidentzialtasun arau berberak eragiten dio eta, beraz, pazienteak eta bere medikuak edo medikuek bakarrik ikus dezakete.

Ontzi-joko bidez 

Osasun Karpeta izateko baldintzak oso gutxi dira: gutxienez 16 urte izan behar du erabiltzaileak; eta, gero, ontzi-jokoa delako klabea duen txartel pertsonal bat izan behar du. Txartel horiek ONA, Izenpe eta Osasun Txartela dira, adibidez; txartelaren atzealdean, alfabetoko 16 hizki eta, bakoitzarendako, 0tik 9ra digitu bat agertzen dira. Hori aktibatzeko, norbera bere osasun zentrora joan behar da, Nortasun Agiriarekin, pasaportearekin edo gida-baimenarekin eta horren fotokopia batekin; Osasun Txartela aurkeztu behar du, eta posta elektroniko helbide bat eta poltsikoko telefono zenbaki bat eman.

Osasun zentroan, ontzi-jokoa operatibo ipiniko dute eta, poltsikoko telefonoan, SMS bidez jakinaraziko diote hasierako pasahitza; gero norberak aldatu ahal izango du. Horrez gain, posta elektroniko mezua ere jasoko du, ontzi-jokoa operatibo jartzeko azken pauso gisa.

Txartel gehienek ontzi-jokoa dute, baina ez guztiek. Norberaren txartelak kode hori ez badu, osasun zentroan eska dezake. Jokoa desberdina da erabiltzaile bakoitzarendako, baina nahi den txartel guztietan inprima daiteke.

Behin konfirmazioa bidalita eta pasahitza jasota, Osasun Karpetan lehenengo aldiz sar daiteke erabiltzailea. Konfidentzialtasuna bermatzeko, pasahitza, batetik, eta ontzi-jokoaren hiru posizio, bestetik, eskatuko dizkio sistemak. Behin Osasun Karpetan sartuta, pasahitza alda daiteke.

Sarbidea da, hain zuzen, Osakidetzak denborarekin aldatu dituen gauzetako bat: "Lehen, txartel digitalizatuen bidez egiten zen sarrera, eta askoz konplikatuagoa zen, irakurtzaile bat behar zelako. Oso jende gutxik zeukan horrelako bat erabiltzeko aukera, eta, horregatik, jendeak ez zuen sistema oso praktiko ikusten. Orain, sistemara sartzea askoz errazagoa da", esaten du Carmen Jimenezek.

Osakidetzatik kanpokoak 

Informazioa hainbat ataletan banatuta topatuko du erabiltzaileak bere Osasun Karpetan. 

Alta-txostenak daude, alde batetik: Larrialdi zerbitzuetakoa, ospitaleratzearena eta kanpoko kontsultena; eta berdin dio Osakidetzako bere ohiko zentroan zein sareko beste zentro baten atenditu duten. Datarekin eta atenditu zuen langilearen izenarekin agertuko zaio txostena. Zerbitzu horietako baten pazienteari alta ematen dionean medikuak egiten duen txostena da.

Hainbat espezialitateko txostenak ere izango ditu: Erradiologiako txostenak –ez erradiografia bera, baizik eta erradiografia baten harira medikuak egiten duen txostena– eta emaitzak; Anatomia Patologikoko espezialitatekoak –hau da, laginak aztertzen dituzten espezialistek egiten dituzten txostenak, biopsia baten ondorioz, adibidez–; Lehen Arretako medikuak egindako txostenak; laborategietako informeak; kirurgia-informeak –kirurgia-
operazio baten gertatu denaren gaineko txostena da eta, besteak beste, ebakuntza egin duen lan-taldearen gaineko datuak, diagnostikoa, prozeduraren deskribapena… agertzen dira–; historial dosimetrikoa ere topatuko du bertan –medikuak agindutako prozedura baten ondorioz, normalean TAC baten ondorioz, pazienteak jaso duen erradiazio-dosien erregistroa da– eta beste informazio mota batzuk.

Txosten horiek guztiak kontsultatzeko aukeraz gain, erabiltzaileak berak PDF formatuan dauden txostenak igo ditzake. Hori praktikoa da sare publikotik kanpoko zentroren baten atenditu, eta txostena bere ohiko medikuarendako eskuragarri izan nahi duenean pazienteak.

Txosten jakin bat bilatzeko, zenbait aukera eskaintzen ditu sistemak: dataren arabera bilatu daiteke, eta baita zentroaren arabera ere.

Hitzorduak, 'on-line' 

Informazioa zentralizatuta eta formatu digitalean izateaz gain, Osasun Karpetak medikuarekin edo erizainarekin hitzorduak egiteko, kontsultatzeko eta aldatzeko aukera eskaintzen du. Carmen Jimenezek dioenez, "jendeak gehien erabiltzen duen funtzionalitateetako bat da hori. Hurrengo hitzorduak kontsultatzeko aukera, laborategiko txostenak kontsultatzea… sarrera dezente dituzte funtzionalitate horiek".

Ordenagailuan edo mugikorrean egutegi programa edo aplikazioa izanez gero, hitzordua programa horretan deskargatzeko eta posta elektronikoz hitzorduaren gogorarazpena bidaltzeko aukera ematen du Osasun Karpetak.

Gaur egungo osasun egoeraren gaineko beste informazio mota baliagarri bat tratamendu-orria da. Hori ere topatuko dugu Osasun Karpetan. Kontsulta egiteko momentuan pazientea jarraitzen dabilen tratamenduaren xehetasunak datoz hor: ze botika bidali dizkion medikuak, ze dosi hartu behar dituen eta nola hartu behar dituen.

Funtzionalitate osagarrien artean, norberak zenbat erretzen duen eta zenbat alkohol hartzen duen jarraitzen laguntzeko aplikazioa dago, eta, bestetik, pisua eta arteria-tentsioaren eboluzioa jarraitzeko aplikazioa ere.

Azkenik, norberak bizimodu osasungarria egiten duen edo ez jakiten laguntzeko on-line inkesta bat ere badauka Osasun Karpetak.

Norberaren ohiturak zaindu 

Gero eta gehiago dira Osakidetzak eta, horren barruan, Debagoieneko ESIk Interneten ipini dituen tresnak eta izapideak. Denetarako sarrera dago www.osakidetza.euskadi.net webgunetik abiatuta.

Hala, Osasun Karpeta eduki barik ere, Osasun Txartela duen edozeinek Internet bidez kudea ditzake medikuarekin edo erizainarekin dituen hitzorduak, edo hitzordua on-line eskatu; Osasun Eskolaren gaineko informazioa eta estekak irakur daitezke; aurretiazko borondateen dokumentuaren gaineko informazioa jaso eta inprimakiak jaits daitezke; EAEko farmaziak eta botikinak non dauden kontsulta daiteke; herritarren eta pazientearen eskubide eta betebeharren gaineko arauak ikusi; eta Osakidetzaren kanpainen berri jaso, bai estreinatu berri direnak zein lehendik indarrean daudenak.

----------

Osasun Karpeta, begirada baten

Zer da Osasun Karpeta? Osakidetzak iaz inplantatutako zerbitzua da. Interneten karpeta pribatu birtuala da, norberaren osasun-informazio ahalik eta osatuena gordetzeko aukera ematen duena.

Zeinek izan dezake Osasun Karpeta? 16 urtetik gorako Osakidetzako edozein erabiltzailek.

Zer egin behar da Osasun Karpeta erabiltzen hasteko? Ezinbestekoa da ontzi-jokoa (zenbaki eta letra-kodigoa) duen txartela izatea; Izenpe, ONA edo Osasun Txartela izan daiteke; horrez gain, posta elektroniko helbide bat, eta poltsikoko telefono zenbaki bat. Dagokion osasun zentrora joan behar da norbera, NA edo bestelako identifikazio-agiri batekin, eta ontzi-jokoa aktiba diezaioten eskatu behar du. Hori egin eta gero, pasahitza eta altaren konfirmazioa jasoko ditu SMS eta mezu elektroniko bidez. Ontzi-jokoa ez duenak berau eska dezake.

Nolako informazioa eduki dezaket Osasun Karpetan? Osasun-historial digitalizatua egongo da bertan, azken lau urteotakoa: hartu diren txertoak, alta-txostenak (larrialdiak, lehen arreta…), espezialistek egindako txostenak, laborategiko emaitzak, norbera jarraitzen dabilen tratamenduak eta bestelako informazio erabilgarria.

Beste zeinek ikus dezake nire Osasun Karpeta? Informazio konfidentziala denez, Osasun Karpetara sartzeko hiru motatako klabeak edo datuak eskatzen dira. Horrez gain, bakarrik dagokion medikuak ikus dezake pazientearen gaineko informazioa; biek aldi berean ikus ahal izango dute.

----------

O-sarean, hiru urte eta handitzen

Osakidetzak orain dela hain justu hiru urte aurkeztu zuen O-sarean, pazienteak Osakidetzarekiko tratua eta kontsultak modu ez presentzialean egiteko aukera indartzeko plataforma. Urte askoan, izapide ez presentzial bakarra hitzordua telefonoz egiteko aukera izan zen, baina aukerak biderkatu egin dira orduz geroztik. Osakidetzako orduko arduradunek esan zuten moduan, O-sareanen helburua zen egunerokoan osasun zentrora joateko astirik edo joerarik ez zuen jendea atenditzea, gaixo kronikoa hobeto atenditzea eta prebentzioa lantzea. Berrikuntza inoiz bukatzen ez denez, O-sareanek hazten jarraitzen du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak