"Estatu sozialista eta independentea nahi badugu, feminismoan oinarritu behar da"

Txomin Madina Milikua 2014ko urt. 19a, 21:30

Gazteei zuzenduta, feminismoaren inguruko lanketa prozesua hasi du Arrasateko Ernaik. Gaur izan da lehen saioa, eta beste hiru egingo dituzte.

Arrasateko Ernaik antolatuta, gazteei zuzenduta dagoen Urrats feministak izeneko feminismoaren inguruko lanketa prozesua hasi dute gaur Arrasateko Gaztetxean. Lau saio dituen prozesua da eta lehenengoan, gaian kokatzeko, sexu-genero sistemaren inguruan hausnartu dute.

Kontzientziazio falta

Arrasateko Ernaiko kideen esanetan, bi helburu ditu prozesuak: "Batetik, herriko gazteei feminismoa landu eta gaiaz hausnartzeko aukera eman gura diegu gazteek eurek sortutako espazio baten, hau da, Gaztetxean. Bestetik, egungo gizarte patriarkal hau hausteko urratsak ematen hasi nahi dugu".

Izan ere, gazteen artean feminismoari buruzko kontzientziazio falta nabari dute: "Uste irekia da genero berdintasun batean bizi garela eta feminismoa emakumeei zuzenean eragiten dien gai bat dela, eurek bakarrik landu behar dutena". Ernaiko kideen esanetan, baina, feminismoak denoi eragiten digu, eta berdintasuna ez da benetako izango hori salatu eta gazteak horretaz kontzientziatu arte. "Feminismoa, gainera, ez da soilik emakume eta gizonen arteko berdintasuna; anitzagoa da" gaineratzen dute.

Lanketa prozesuaren dinamikari dagokionez, askotariko ariketak egingo dituzte, bai tailer eran eta baita ariketa pertsonal moduan ere.

Feminismoaren garrantzia

Orain arte zeharka landu duten arren, Ernai eratzean, independentziarekin eta sozialismoarekin batera feminismoa identifikatu zuten erakundearen helburu estrategiko moduan: "Feminismoa ez da sozialismoaren beste ezaugarri bat; estatu independente eta sozialista bat behar badugu, feminismoan oinarritu behar da".

Saio denak 17:30ean eta Gaztetxean izango dira eta gaurkoaren ostean, otsailaren 2an izango da hurrengoa, patriarkatuaren eta kapitalismoaren arteko harremana aztertzeko. Hirugarrena otsailaren 16an izango da eta feminismotik zein alternatiba eraiki ahal diren aztertuko dituzte. Otsailaren 23koa izango da azken saioa, eta gonbidatu berezi bat eta mahai-ingurua izango dituzte. Ernaikoen asmoa da saio hauek amaitzean, prozesuak jarraipena izatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak