"2012ko udaberrian erabaki genuen termiten arazoa aztertzea, izan ere, alde zaharreko eraikin batzuetan bazeudela konturatu ginen. Eta alde zaharra monumentu izendatuta dagoenez babestu beharra daukagu", azaldu du Amaia Iriondo Udal arkitektoak. Iazko udaberrian egin zuen azterketa hori Innodex enpresak eta ondorioen berri eman bizilagunei.
Arazoa orokorra dela argi du Iriondok: "Etxeak, leku askotan, bata besteari itsatsita daude eta ez du zentzurik batean tratamendua ematea eta bestean ez, lekuz aldatu bakarrik egingo liratekeelako intsektuak. Gainera, tratamendua askoz garestiagoa izango litzateke bakarka emanez gero". Hori horrela Udalak beregain hartu du koordinazio lana, eta tratamendua emateko zerbitzuaren lehiaketa deia egin. Gastuaren zati bat ere hartuko du beregain, %25 eta gainerako %75 egurrezko egituradun etxe eta lokalen jabeek asumituko dute. Tasa bidez ordainduko dute hori, 40 euroko tasa bost urtean.
Bost urteko tratamendua
Alde zaharreko kaleetan eta errebaletan jardungo dute termiton kontra: Olarte, Ferrerias, Erdiko kale, Iturriotz, Maala eta Gazteluondo. "Batzuk monumentu izendapena dute eta besteak plan bereziaren barruan daude", azaldu du Iriondok. Guztira ehun bat etxeri eragingo die: "Batzuk ez dira izango goitik beheraino egurrezkoak, baina nahikoa da teilatuak edo solairu batek egurrezko egitura izatea tratatu behar izateko".
Bost urte iraungo du tratamenduak, hiru etapatan banatuta, eta lanok udaberri inguruan hasi gurako lituzkete: "Urtaro egokia da, orduan ateratzen direlako kanpora intsektuok". Lehenengo etapak sei bat hilabete iraungo du –urtebete arte luza daiteke– eta amuak jarriko dituzte termitondako. Zuloak egingo dituzte lurrean, batetik bestera 3 eta 5 metro artean utzita, eta jana sartu bertan intsekturik dagon antzemateko. Behar izanez gero eraikin barruan ere egingo dituzte zuloak "ahal den kalterik gutxien eraginda".
Bigarren etapan intsektuen kontrol zehatza egingo dute, eta bi urte iraungo du horrek. Termitak atzemandako lekuetan pozoia jarriko dute eta jarraipen zorrotz eta sakona egin gero, izurritea desagertu arte.
Hirugarren etapa hasiko da jarritako amuetan termitarik ez dabilela antzemandakoan, eta beste bi urte iraungo ditu. Izurritea desagertutakoan, enpresak zaintza zerbitzua ezarriko du, berriro sortuz gero edo kolonia berriak agertuz gero behar diren neurriak hartzeko. Gainera, izurritearen aurkako prebentzio eta barrera sistemak jarri eta neurriak hartuko dituzte.
Lanok zelan doazen jakinaren gainean egongo dira bizilagunak, Udalak eskatuta hiru hitzaldi eman beharko dietelako enpresako arduradunek: urtebetera, bi urtera, eta bukatutakoan. Lan horiek guztiak egiteko enpresa kualifikatua hartuko du Udalak. Urtarrilaren 9ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zuen lehiaketa deia eta 20 eguneko epea dute interesatuek aurkezteko. Lanon aurrekontua 122.200 eurotan ezarri dute.
Formazioa teknikariendako
Alde zaharrean bakarrik ez, hortik kanpo ere termitok badaudela dio Udal arkitektoak, baina arazoa ez da hain larria. "Alde zaharraren azpialdean ura pasatzen da eta hezetasun giro hori oso egokia da intsektuak hazteko eta bizitzeko. Hori horrela, badakigu erabat desagerraraztea ez dela samurra izango baina behintzat kontrolpean izango ditugu". Hori jakinik prestakuntza ikastaroa jasoko dute Udaleko hainbat teknikarik eta langilek, aurrerantzean ere termitek eragindako arazoak eta izurriteak denboraz antzematen eta kudeatzen jakiteko.