Josemari Velez de Mendizabal: "Historia ez da gaur finkatzen betiko, ezinbestekoa da kontakizuna berrikustea"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko urt. 19a, 00:00
Velez de Mendizabal, Arrasateko Herriko Plazan, kaleratu berri duen azken liburua eskuan duela.
Aurkezpenik behar ez duen pertsona da Josemari Velez de Mendizabal (Aramaio, 1949). Ekonomialaria ikasketez, historia arloan egindako ekarpenengatik nabarmendu da, besteak beste. Hilaren 15ean 'Mondragón en su historia (y en cutaro horas)' liburua aurkeztu zuen Arrasateko Elkar dendan. Autoekoizpena da eta egindako inbertsioa errekuperatzeko salgai jarri du Arrasateko Elkar dendan, Ttukun fotokopia-dendan eta Garibaiko egunkari-saltokian (Tiburon-en), zortzi eurotan.

Hasteko, nondik dator liburua egitearen ideia?

Goienagusi elkarteak eskatutako hitzaldi batzuetatik sortu da liburua egitearen ideia. Lehenengo hitzaldia egin nuenean [bigarrena astelehenean, hilak 20, izango da] jasotako harrerak asko harritu ninduen. Interes handia piztu zuen saioak eta konturatu nintzen merezi zuela liburuxka baten jasotzea, material hori gal ez zedin. Goienagusi elkarteko publikoaz gain, beste edonoren eskura ere utzi gura nituen liburuxkan ematen diren datuak.  

Liburuaren aurkezpenean azaldu duzu ezinezkoa dela Arrasateko historia lau orduan laburtzea. Aukeraketa zaila izan al da?

Aukeraketa egitea ez. Zaila egin zaidana izan da titulua ipintzea. Materiala banuen, han eta hemen idatzita nuelako. Gehiena euskaraz idatzi nuen eta orain gaztelerara itzuli dut. Esaterako, hainbat eta hainbat kontu nire blogean idatzita ditut dagoeneko. Material hori guztia hartu eta forma ematea samurra izan da. Erronka izan da nola aurkeztu, inork ez dezan gaizki ulertu. Norbaitek pentsa dezake kontakizuna eskasa dela; XVI. mendeko ezer ez nuela aipatzen, esaterako. Baina ez nuen hori egin nahi: lau orduan ezin daitekeenez ezer handirik kontatu, bi foku aukeratu nituen: XIV. eta XV. mendera artekoa eta XIX. eta XX. mendekoa. Horiei eman diet garrantzia. Izan ere, XVI., XVII. eta XVIII. mendeetako Arrasateko historiaz ez da ezer ezagutzen. Hor badaude hiru mende luze noizbait norbaitek landu beharko dituenak. 

Arrasateko historia kontatu baino gehiago, Arrasate historian kokatu gura izan duzu. Zertan datza baieztapen hori? 

Ghandiren aipu batekin erantzungo dizut: Ghandik esaten zuen gizaki bakoitzeko Jainko bat dagoela. Izan ere, Jainkoa definitzeko eskatuko baligute, seguruenik denok era ezberdinean erantzungo genuke. Historiarekin gauza bera gertatzen da: ez dago historia bat, denok bizi izan dugu historia era batera edo bestera. Hala, liburuan egin dudana izan da Arrasate bere historian kokatu. Noski, hiribilduaren sorreratik –eta lehenagotik– hainbat datu daude eta horiek ekarri gura izan ditut gogora, beste barik. Beste pretentsiorik ez du liburuak.

Zeharka bada ere, zenbait herritarren ekarpena aldarrikatzen duzu liburuan; Pedro Ignacio Barrutia eta Gaizka Barandiaran, kasu.  

Bai, hala da. Pena ematen dit askotan nik arrasateartzat ditudan hainbat pertsonaia Arrasaten sortu edo idatzi diren liburu zein agerkarietan, hau da, historia ofizialean, ez agertzeak. 

Historiaren berrikusketa eta kontakizunaren errepikapena ezinbestekotzat jotzen dituzu. Zergatik?

Teknologia berriek, aurkikuntzek eta ikerketek asko laguntzen dute. Ezinbestekoa da Historia berrikustea eta kontakizuna errepikatzea. Historia ez da gaur finkatzen betiko. Liburu honek, esaterako, orain dela 40 urte jakitea ezinezkoak ziren zenbait xehetasun ematen dizkigu. 

Zure burua ez duzu historialaritzat. Zergatik? 

Apuntatzailea eta, batez ere, dibulgatzailea naiz, lan hori betidanik egin dut. Aurten 40 urte beteko dira lan honetan hasi nintzena, martxoan lau hamarkada beteko dira-eta Zeruko Argia aldizkarian lehen artikulua idatzi nuenetik. 

Eguaztenean aurkeztu zenuena zure 33. liburua da. Baduzu besteren bat idazteko asmorik?

Club Nautico Vitoriaren historia kontatuko duen liburuarekin nabil orain. Hori bai izan dela eskaera bat, ea proiektuak aurrera egiten duen. 

Hainbat izan dira egin dituzun biografiak. Baten batek utzi al du arrasto berezirik zugan?

Jokin Zaitegiri egindakoa aipatu nuke, zalantza barik. Batez ere, harekin estu-estuan egin nuelako. 1976an hasi nintzen Zaitegirekin lanean eta, zoritxarrez, lana argitaratu baino bi urte lehenago hil zen. Euskalgintzaren eta, batez ere, euskaraz egindako lanen dibulgazioaren gainean zerbait badakit, Jokini zor diot. Lan hark markatu egin ninduen. 

Aktore ere bazara azken urteetan, eta baita antzerki testuen egile ere bai. Bide horretan jarraitzeko asmorik baduzu? 

Horretan ari gara. Doke antzerki taldeak hamar urte bete ditu aurten eta urteurrena dela-eta zerbait egingo dugu, ziur. 

Aramaioarra jaiotzez eta arrasatearra adopzioz. Baina nongoa da sentimenduz Josemari Velez de Mendizabal?

Galdera hori bera egin didate asteon, telebistako saio baten. Orduan erantzun nuena erantzungo dizut: aramaioarra naiz jaiotzez, arrasatearra bizitzez eta euskal herritarra sentimenduz. Hori bai, aramaioarra zein arrasatearra izateaz harro nago, herri batekoa zein bestekoa naizelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak