Arrasate 'irekitzeko' seinale berriak

Leire Kortabarria 2014ko urt. 17a, 10:47

Direktorioa, Herriko Plazan.
Arrasateko kaleek ez dute itxura aldatu, baina bai haien izenak erakusten dituzten errotuluek. Abendu hasieran, Arrasateko Udala, Ibai-Arte merkatarien elkartearekin adostuta, seinale berriak ipintzen hasi zen erdigune historikoan. Helburua da Arrasateko erdigunea merkataritza-gune ireki gisa identifikatzea.

Seinale batzuk guztiz berriak dira, eta beste batzuk lehen zeudenen ordez ipini dituzte; bigarren mota horretakoak kaleen izenak adierazten dituzten errotuluak dira. Gaur egun, erdigunean bi motatako errotuluak daude elkarbizitzan: lehengoak –fondo urdin iluna eta letra zuriak, erliebean– eta oraingoak –fondo beltza eta letra zuriak– eta, horrez gain, izena eta zenbait sinbolodun posteak eta zutikako direktorioak edo planoak.

Beste mota bateko seinaleak falta dira: ondare historikoaren gaineko testu laburrak. Horiek urtarrilean barrena edo otsail hasieran ipiniko ditu Udalak.

"Ez da batere lan erraza izan"

Erdiguneko 20 bat intereseko leku, eraikin edo kale identifikatu ditu Udalak, eta horien gaineko testuak eskatu zizkion Arrasate Zientzia Elkarteari. Honela azaltzen digu lan hori AZEko Jose Angel Barrutiabengoak: "Interes handiko eraikin edo leku bakoitzaren gaineko historia laburtzeko eskatu zigun Udalak, eta 350 edo 400 bat karaktereko muga eman zigun. Bakoitzaren kasuan, leku hori zer den eta zer izan den azaldu genuen. Ez zen batere lan erraza izan horrenbeste laburtzea, baina lortu genuen".

Interes historikoko kaleen –Ferrerias, Zerkaosteta, Olarte…– eta eraikinen –Ferreriasko etxea, zentroko etxea, Monterron, San Frantzisko, Okendo etxea, San Juan Bataiatzailearen parrokia…– gaineko informazioa bistara izango dute laster arrasatearrek eta bisitariek. Jose Angel Barrutiabengoaren esanetan, zerrenda osatua da: "Egon beharko luketen intereseko leku guztiak zeuden Udalaren zerrendan".

Hiru motatako adierazleak 

Proiektuaren barruan, seinaleak, ezarlekuak eta zabor edukiontziak aldatzen dihardute. Proiektuak 37.364,80 euroko aurrekontua dauka eta Eusko Jaurlaritzaren Merkataritza Zuzendaritzaren dirulaguntza jaso du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak