Argazki-egunerokoa: ariketa dibertigarria

Goiatz Arana Begiristain 2014ko urt. 2a, 14:04

Horixe egin du Goio Arana MUko irakasle arrasatearrak: bere 2013 urtea argazkitan jaso. Orain urtebete erabaki zuen argazki-eguneroko bat egitea. Horretarako, pentsatu zuen egunero-egunero egitea bere buruaren argazki bat, iruzkin labur batekin osatzea, eta beroi igotzea '2013. urtea' izeneko blogera. Hala, 2012ko Gabonetan 'Argia'-ko mahai gaineko egutegia erosi, eta 2013 urte osoan ibili da batera eta bestera, tokatzen zen dataren orritxoa aldean hartuta.

Bideo azkar honek urteko argazki guztiak biltzen ditu:

Argazkiak soseguz ikusi nahi izanez gero, ordea, blogeko egunerokoak eskaintzen du horretarako aukera. Bertan, gainera, argazki bakoitzaren istoriotxoa irakurtzeko aukera dago: non aterata dagoen, zertan ari zen, nortzuk diren argazkian agertzen direnak, nor den ezkutuan geratzen den argazkilaria… Beroi ikusteko, 2013urtea.tumblr.com-era jo besterik ez dago, eta bada egunerokoa ikusteko beste era bat ere: hileroko sortatan.

Sortutako bilduman denetako argazkiak daude, Goio Aranaren hitzetan: "Kalean, lantokian edo etxean egindakoak, neu bakarrik edo jendearekin ateratakoak, baleko argazkiak eta ezabatzeko modukoak, une arrunt-arruntak edo momentu berezitxoagoak jasotzen dituztenak, ondo eta gaizki ateratzen naizenak… Hori bai, argazki denek dute gauza bat komunean: guzti-guztietan ageri da, nabariago edo ezkutuago, egun horretako Argia egutegiko orritxoa".

Ariketa dibertigarria

Urteko egun bakoitzean bere buruaren erretratu desberdin bat egitea ariketa polita, sortzailea eta, batez ere, dibertigarria izan dela dio Arrasatekoak, eta, egin ahala, egokitzen eta nortasuna hartzen joan dena: "Argazkien estiloan ere nabaritzen da proiektuak izan duen ibilbidea. Esaterako, lehenengo asteetako argazki gehienetan, neu bakarrik agertzen naiz, serio-serio. Baina, poliki-poliki, eta proiektuari neurria hartu ahala, hasi nintzen ni neu ere lasaitzen, ariketarekin gozatzen eta egiten argazki txukunagoak. Gainera, laster hasi nintzen neure ingurukoak ere saltsa honetan sartzen… Azkenerako, libreago ibili naiz, eta bakarkako kontua zela uste izatetik pasatu naiz edukitzera aldamenekoak proposamenak egiten edo galdetzen ea zein izango zen eguneko argazkia".

Eguneroko konpromisoa

Jarraitutasuna izan da proiektuak izan duen eskakizun nagusiena. Egun bat bera ere kalerik ez egitea jarri zion bere buruari betekizun moduan eta ez du hutsik egin.

Argazki gehienak autorretratuak dira, eta hainbatetan jendearen laguntza ere izan du. Zentzu horretan, harrituta geratu dela dio Goio Aranak, ikusirik zenbat ezezagunek eskaini dioten laguntza argazkia egiten laguntzeko. Eta bukatzeko, ohar bat: "Ez naiz izan neure buruaren argazkiak sarean jartzekoa, baina, tira, horrela kontuak: kolpean neure buruaren 365 argazki! Selfie hutsa eginda nago. Portzierto, selfie izendatu dute 2013. urteko hitza".

Albistea osorik, bere blogean: I laket.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak