Fagor Arrasatek badu zenbaki hori
Loteria administrazio jabeak kontatu digunez, Fagor Arrasatek ere badu zenbaki hori: "Badaramatza urte batzuk zenbaki hori erosten eta hala egin dute aurten ere". Horrez gain, leihatilan bertan ere saldu dituzte hainbat dezimo, eta sarituen artean daude Mekako gasolindegiko langileak eta Renault kontzesionarioak ere.
Domeka izanik, itxita zegoen administrazioa goizean, baina jabeak bertaratu dira, pozez gainezka, xanpain botila eta guzti. Xanpain zaparrada lehertu da eta berri ona ospatzera gerturatu diren auzotarrak zipriztindu ditu, baita saria egokitu zaion bakarren bat ere. "Oso sari banatu izan, dena hemen auzoan saldu da. Gutxik izango dute dezimo bat baino gehiago. Oso pozgarria da, izan ere, erabat ezkor geunden eta honek poztasuna ekarriko du auzoa", esan digu zenbaki saritua saldu duten administrazioko arduradun Jose Mari Garaik.
Garaik azaldu digu 30 urte inguru daramatzatela loteria saltzen, baina otsailean ireki zutela administrazioa. Izan ere, lehen alboan duten estankoan saltzen zuten. Lehen aldiz banatu dute Gabonetako saria, baina aurretik ere banatuak dira beste sari batzuk, esaterako, 2012an loteriako lehen saria eta orain dela hilabete batzuk bono-lotoko sari nahi potoloa.
Arrasaten ez ezezik, Leganesen, Quintanar de la Ordenen, Sanlucar La Mayorren, Bailenen, Huelman, Bartzelonan, Avilesen, Palentzian eta Madrilen ere saldu dute zenbakia.
10:46ean atera da gaurko sari potoloa, eta eguneko 13 sari garrantzitsuenen artean, laugarrena izan da.