Arrasate Musikaleko ikasleak eta historia protagonista

Jagoba Domingo 2013ko abe. 20a, 20:43

Arrasate Musikalek ospakizun bikoitza egin du gaurkoan; alde batetik, musika eskolako ikasleek kontzertua eskaini dute Kulturaten, eta ostean, Arrasate Musikal, herri baten adierazpen dokumentala aurkeztu dute.

Musika eskolako ikasleek hasi dute gaurko ospakizuna; taula gainetik hainbat ikasle eta beste horrenbeste instrumentu pasatu dira. Besteak beste, Jingle bells Gabon kanta, Henry Manciniren Pantera Arrosa kantua edota Madalentxo kantu herrikoia interpretatu dituzte. Ikusleen artean, gurasoak irribarretsu egon dira urteko lehenengo hiru hilabetean gaztetxoek ikasi dutenaz gozatzen.

Ikus-entzunezkoaren aurkezpena

Ostean, Arrasate Musikalen 40 urteen errepasoa egiten duen Arrasate Musikal, herri baten adierazpena dokumentala aurkeztu dute. Dragoi Produkzioak egindako dokumentalaren laburpena proiektatu dute Kulturaten. Aurretik baina, Kepa Urteagak, Arrasateko Udaleko Kultura zinegotziak; Javier Elbayenek, Dragoi Produkzioak-eko kideak eta Marta Izagirrek, Arrasate Musikaleko zuzendariak hitz batzuk esan dituzte. Urteagak, ibilbide luze horretan egindako lana eskertu die eta hastapenetan ikasleak zirenak, gaur egun irakasle edo guraso direla azpimarratu du, Arrasate Musikal eskolaren atxikimendua bistakoa dela esan du. Elbayenek beste aldetik, musika eskola Arrasateko historiaren parte dela eta izango dela adierazi du, eta ikus-entzunezko dokumentua horren testigantza dela. Izagirrek ere esker hitzak izan ditu proiektuan parte hartu dutenentzat, bai laguntzaile bezala, baita historia horren parte garrantzitsua izan direlako.

Hamar bat minutuko laburpena proiektatu dute, eta bertan historia eta gaur egungo errealitatea islatzen da. Juan Arzamendi da protagonista nagusienetako bat, baina horrez gain, irakasle izandako edo direnen elkarrizketaz osatutako dokumentua da; Izagirreren arabera, horrek ematen dion balio erantsiarekin. Protagonistengatik kontatutako istorioa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak