Euren egoera salatzeko manifestazioa egin dute goizean Grumaleko 200 langile baino gehiagok Seber Altuben hasita. Mondragon Korporazioaren egoitza nagusiraino joan dira euren lanpostuen aldeko eta Gisasola eta Bengoetxearen aurkako oihuen artean.
Egoitzara helduta, areagotu egin da tentsioa, Grumaleko langileak egoitzara sartzen saiatu direlako. Atea itxita zegoen, ordea, eta hamabost minutu inguruz ate aurrean egon dira egoera honen erantzuleak non diren galdetzeko. Hainbat paper ere sartu dituzte atearen zirrikitu batetik.
Berriro ere beherako bidea hartu dute Grumaleko langileek eta herriko kale nagusiak zeharkatasu, plazan amaitu dute manifestazioa. Isasmendik eskerrak eman dizkie bertan batutako herritarrei eta Ordaindu zein Fagor Etxetresnetako langileei egun hauetan guztietan emandako babesagatik.
Korporazioarekin batzeko itxaropenik ez
Grumaleko langileek informazioa komunikabideen bitartez jasotzen zutela salatu zuten duela aste batzuk eta egun modu berean jarraitzen dutela adierazi dute gaur. Zentzu horretan, dagoeneko ez dutela Mondragon Korporazioko ordezkariekin biltzeko itxaropenik azaldu du Isasmendik.
Arantza Tapia Ekonomia, Garapen eta Lehiakortasun Sailburuak Fagorreko 400 langile dagoeneko birkokatu dituztela eta beste hainbeste datozen hilabeteetan birkokatzea espero dutela azaldu du azken egunetan. Zentzu horretan, Grumaleko langileek Fagorrekoen baldintza berak nahi dituztela adierazi du Isasmendik, eta Tapiari gogorarazi dio "Fagor eta MCCk bere garaian nahi izan ez zutelako" ez direla eurak kooperatibista eta "Grumaleko langileen 148 lanpostuak mahai gainean" dituela.
Gaur arratsaldean, 18:00etan, Azpeitian egingo dute manifestazioa Grumaleko langileek eta aurrerantzean egingo dituzten mobilizazioak urtarrilaren 2an erabakiko dituzte, orduan batuko dira-eta administrazioarekin. Bilkura horretan jakingo dute zein den Mondragon Korporazioaren jarrera.