Arrasateko udalbatzak aho batez onartu du datozen lau urteetarako euskara plana

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko abe. 17a, 19:41
Udalbatzak euskara plana aho batez onartu duen unea.
Abenduko ohiko osoko bilkura egin dute gaur Arrasaten. 2013-2017rako euskara plana onartu du udalbatzak, besteak beste. Hiru lan ildo nagusi ditu aho batez onartu den planak: herritarrekiko harremanetan euskara zerbitzu hizkuntza izan dadin bermatzea, euskara beste herri administrazioekiko harremanetako hizkuntza izatea eta udal barruko lan hizkuntza ere euskara izatea.

Joxe Etxebarria euskara zinegotziak gogora ekarri du 2008-2013 arteko planari Bikain Ziurtagiriaren urrezko maila aitortu ziola Eusko Jaurlaritzak. Ziurtagiri horren taldeko teknikariek, planaren indarguneak eta alde onak aipatzeaz gain, hainbat proposamen egin zizkion Arrasateko Udalari, hobekuntzarako. Hauexek dira proposamen nagusiak:

  • Arrasateko Udalak erabiltzen dituen hizkuntza irizpideak idatziz finkatu eta zinegotziei zein udal langileei helaraztea.
  • Kontratazio administratiboetan erabili beharreko hizkuntza irizpideak idatziz finkatu eta kontratu mota bakoitzaren baldintza-pleguetan sartzea.
  • Udal langileen laneko prestakuntzan ere erabili beharreko hizkuntza irizpideak idatziz finkatzea.
  • Udal langileen parte-hartzea sustatzea.
  • Herritar euskaldunei eragitea, Arrasateko Udalarekin dituzten harremanetan euskara erabil dezaten.

Herri barruko bideen erabileraren gaineko ordenantza

Bestalde, herri barruko bideen erabileraren gaineko ordenantza onartu dute, hasiera baten. Arrasatek orain arte ez du ordenantza propiorik izan eta osokoan onartu dute hasierako idatzia: "Mugikortasun planaren barruan kokatzen da erabakia. Oinezkoendako guneak nola bultzatu, abiadura nola arautu, isunak non eta nola jarri... Halako erabakiak hartuko dira. Azken helburua da garraio publikoa bultzatzea", adierazi du Maider Morras Bilduko bozeramaileak.

Jarraian dituzue ordenantzaren hasierako onarpenaren neurri aipagarrienak:

Lehentasunezko zirkulazio bideak sortzea: Gipuzkoa etorbidea, Otalora Lizentziaduna kalea, Zarugalde kalea, Uribarri etorbidea, Arrasate pasealekua, Alfonso VIII, Araba etorbidea, Kontzezino kalea eta Nafarroa etorbidea, haien ezaugarria baita lehentasunezkoa dela edo zirkulazio intentsitate handia dutela, izan ere, Arrasateko zirkulazioaren arteria nagusitzat jotzen ditu Udalak, horietan debekaturik baitago gelditzea eta/edo aparkatzea bigarren ilaran, zigorren zenbatekoa areagotuz eta abiadura muga jarriz 40 km/orduko.

Bide publikoetarako abiadura muga orokorra 30 km/orduko jartzea: Ordenantza honetan jasotako kasuetan izan ezik, hala nola, lehentasunezko zirkulazio bideetan, muga 40 km/ordukoan egongo baita, edo aplikagarria den araudian izan ezik.

Bizikletan zirkulazioaren eta aparkatzearen erregulazioa: Baita mugikortasun pertsonaleko beste aparatu batzuena eta makina mekanikoena ere (patinak, patineteak, skateak, besteak beste).

Arau-hausteak; 50 euro arinak, 200 euro larriak eta 500 euro oso larriak: Izango dira arinak, larriak eta oso larriak, eta arau orokorra izango da isun zigorrak izatea 50 eurokoak arinetan, 200 eurokoak larrietan eta 500 eurokoak oso larrietan, baina aukera egongo da horiek ez diren santzioak ezartzeko, ordenantzan bertan edo araudi orokorrean ezarritako kasuetan.

Hasierako idatzia onartuta Gipuzkoako Boletin Ofizialean argitaratu eta 30 eguneko epea izango dute herritarrek alegazioak jartzeko.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak