Igerilekuetako jolas eta puzgarriekin estreinatuko dute 2014ko Txikilandia, ohikoa baino egun bat lehenago hasiko da aurten: gaur, eguena, urtarrilak 2. Lehenago hasteaz gain, eskaintza zabalagoarekin dator aurtengo edizioa. Izan ere, arratsalde bat gehiagoz gozatu ahalko da Uarkapeko tailer, puzgarri, ludoteka, ohe elastiko, karaoke eta beste hamaika jolasez. Gaur arratsaldetik zapatu arratsaldera arte izango da zabalik pilotalekua, honako ordutegian: 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
Ahalegina prezioak merkatzeko
Txatxilipurdik eta Udalak ahalegina egin dute aurten prezioak merkatzeko, eta Arrasateko zenbait enpresak ere emandako laguntzak egin du posible aurten Txikilandiako sarrerak eta bonoak %40 merkeago jartzea. Hauexek izango dira 2014ko edizioko tarifak:
- Egun guztietarako bonuak: 4-12 urte: 8€ eta 1-3 urte: 4,5€
- Egun baterako sarrerak: 4-12 urte: 3 € eta 1-3 urte: 2€
- Topakide txartela daukatenek, are merkeago izango dute sarrera.
Zehatz-mehatz, hemen duzue aurtengo Txikilandiak jolaserako ekarriko digun munduaren deskribapena, ordutegi, espazio eta detaile guztiekin:
Txikilandia2014 Programa by Goiena Komunikazio Taldea
Txatxilipurditik azpimarratu gura dute Arrasateko gaztetxeak aurten hirugarrenez jardungo duela Txikilandia bultzatzeko elkarlanean eta bertan izango dela, besteak beste, Irrien Lagunen ikuskizuna urtarrilaren 3an, 19:00etan, etorri gura duen ororentzat. Sarrera doakoa izango da. (Egitarauan ikuskizuna zapatuan dela badio ere, barikura añdatu dute).
Iaz, 1.000 haur eta 30 hezitzaile
Iaz mila haur inguruk gozatu zuten Txikilandiaz, 30 begiralek zainduta: "Aurten ere jai handi eta dibertigarria eskaintzea espero dugu, Arrasateko txikiek hainbeste merezi baitute. Are gehiago, datozen urtetara begira eurek zelako Txikilandia nahiko luketen galdetuko diegu azken egunean. Horretarako, margoak, berrerabiltzeko materialak, play-mays-ak eta denetariko baliabideak jarriko dizkiegu eskura, gura dutena adieraziz Txikilandia hobetzen lagundu diezaguten", adierazi dute prentsa ohar bidez.